ERNAI

Bilbo «espainolismoaren hiri gisa» saltzen ari direla salatuko du Ernaik abenduaren 20an

Antolakundeak plazaratu nahi du Bilbo Handiaren errealitatea ez dagoela «munduko nahasmenetik salbu». Parte hartzeko deia egin diete Bilboko eta inguruko gazte independentistei.

Ernaikoek Bilbon egindako agerraldia. ERNAI
Ernaikoek Bilbon egindako agerraldia. ERNAI
inaut matauko rada
2025eko azaroaren 13a
19:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ernai gazte antolakunde independentistak uste du gaur egun munduan «nahasmena nagusi» dela, eta gehitu Bilbo «ez dagoela horretatik salbu»; hori dela eta, mobilizazio bat egitekoak dira abenduaren 20an, 13:00etan, Bilbon. Izan ere, antolakundeak salatu du Bilbo «espainolismoaren hiri gisa» aurkezten ari direla, eta hori ere salatuko dute protesta egunean.

Uste dute garaia dela Bizkaiko hiriguneko gazteek pauso bat emateko eta «egoerari aurre egiteko». Gazteek «egungo zapalkuntzak gainditu eta etorkizun bizigarri eta zapalkuntzarik gabekoa eraikitzeko tresna independentzia» dela nabarmendu du antolakundeak.

Mundua «hankaz gora»

Protesta azaltzeaz gain, gaur egungo egoera nola ikusten duen ere plazaratu du Ernaik. Uste dute mundua «hankaz gora» dagoela: «Gerrak, ultraeskuinaren gorakada, krisi anizkoitzak eta abar eta abar. Gero eta bortitzago jotzen dute ozeano globaleko olatuek. Gero eta babesgabeago eta zapalduago aurkitzen gara gazteok egoera honen aurrean».

Egoera horrek Euskal Herria ere jotzen duela nabarmendu du gazte antolakundeak: «Bizkaiko hiriguneko gazteok olatu erreakzionario eta atzerakoiaren ofentsiba bizitzen ari gara: euskaraz bizitzeko ezintasuna, Euskal Herriaren eta gure ikurren aurkako erasoak...».

Bestalde, uste dute «espainolismoaren gorazarrea» ekarri duten hainbat gertakari izan direla hirian: «Horren froga ditugu Bilbon euskara sustatzeko ordenantzaren aurkako epaia, irailaren 27an Guardia Zibilak egindako erakustaldia eta hirigunean zehar agertutako hainbat pintada faxista eta, nola ez, Gasteiz eta Iruñean faxistek egindako agerraldiak». Hori dela eta, zehaztu dute egoera horiek amaiarazteko ezinbestekoa dela Euskal Herriaren independentzia: «Badakigu gazteon bizi baldintzak duintzeko bidean independentzia dela giltza, ezin baita arazo sistemikoez hitz egin, etxebizitzaz esaterako, egoera hori iraultzeko beharrezko eskuduntzaz eta burujabetzaz hitz egin gabe».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.