«Aste Nagusia feministona da. Elkar zaindu, baina batez ere gozatu». Bilbo Feminista Saretzen taldeko kideak hiriko Arriaga plazan elkartu dira gaur, gogorarazteko Aste Nagusian ez dutela inolako erasorik onartuko. Taldeak argi utzi du saretzea eta antolatzea dela bidea: horregatik, Bilboko Konpartsekin duten aliantza ospatu dute, eta jakinarazi haiekin lanean jarraituko dutela. Hain zuzen, feminismoa da konpartsek jaietarako antolatzen duten jarduera askoren ardatzetako bat, eta, horrez gain, txupinazo egunean ere zeresan berezia izango du: etzi, 19:00etan, Onintza Enbeita pregoilariak egingo dio ongietorria Marijaiari Arriagako balkoian, baina hori baino lehen, 16:30ean, txupinazo feminista egingo dute Kaskagorri konpartsan, antzokiaren atzealdean.
Talde feministak eta Bilboko konpartsak urte askotan lanean ibili dira Aste Nagusia ikuspegi feministatik antolatu eta gozatzeko, eta dagoeneko sendoa da haien arteko elkarlana: «Datozen egunetan, txosnak, kontzertuak, lehen lerroak, dantzalekua eta lagunartea geure egingo ditugu, zaintzaz eta gozamenez», adierazi dute Bilbo Feminista Saretzen taldeko ordezkariek. Izan ere, argi dute saretzea dela bidea.
«Badakigu emakumeok, transok eta bollerok ezin dugula jai giroaz gizonek bezain aske gozatu, erasoen itzala beti baitugu gainean»
Bilbo Feminista Saretzen taldeko kideak
Nabarmendu dute emakumeak eta disidentziak Aste Nagusiko erdigunean eta ertz guztietan daudela. «Jaien antolatzaileak gara, partaideak, konpartsakideak, dantzariak, musikariak…». Hala ere, badaude oraindik erdigune hori «ukatzen» dietenak, eta, horregatik, uste dute aurten ere, zirraraz eta pozez ez ezik, «arduraz eta kezkaz» ere biziko dutela Aste Nagusia. «Badakigu emakumeok, transok eta bollerok ezin dugula jai giroaz gizonek bezain aske gozatu, erasoen itzala beti baitugu gainean», adierazi dute. Horren adibide jarri dute aurtengo udan Euskal Herriko Mugimendu Feministak hainbat herritan salatu behar izan dituen erasoak.
Eta, gainera, txarretsi egin dute halako jazoeretan egoten den erreakzioa. «Eraso bat salatzen dugun bakoitzean, aurre egin behar diegu diskurtso eta praktika antifeminista, transfobo eta arrazistei», kontatu dute Bilbo Feminista Saretzen taldeko kideek. Hala ere, bide beretik jarraituko dutela ziurtatu dute gaurko agerraldian, eta eraso bat gertatuz gero erantzun bateratua emango diotela: «Aste Nagusian ez dugu inolako eraso matxistarik, LGTBIfobikorik, arrazistarik onartuko. Emakume, trans, bollera, emakume migratu edo arrazializatu, edozein gorputz edo identitate disidenteren kontrako erasoa gu guztion kontrako erasoa da».
Kaleko saltzaileekin elkartasuna
Kaleko saltzaileei elkartasun osoa adierazteko ere baliatu dute agerraldia. Gogorarazi dute azken asteetan Udaltzaingoa berriro «oldartu» zaiela Bilbon, eta ez dela azkenaldiko joera: salatu dute Aste Nagusian «hamaika» eraso polizial jasaten dituztela urtero. «Bizirik irautea ez da delitua», aldarrikatu dute.
Jai giroan erdigunea okupatzen jarraituko dutela esan dute, «elkar zaintzen» eta «ardura hartu behar dutenak seinalatzen». Gainera, erasotzera datozenak interpelatu dituzte zuzenean, eta jaiguneetan tokirik ez dutela gogorarazi: «Erasotzera zatozen hori, jaiak aske eta gozamenez bizitzen uzten ez diguzun baboso hori, zure lagun matxiruloaren konplize zaren hori: honezkero jakin behar zenuke, baina garbi eta ozen esango dugu berriro ere: egoten ez badakizu, ez etorri!».
BILBOKO UDALAK OSTALARITZAKO LOKALAK IXTEKO ORDUTEGIA LUZATUKO DU ASTE NAGUSIAN
Abuztuaren 22tik 29ra arte, Bilboko Udalak ostalaritzako lokalak ixteko ordutegia luzatuko du bi orduz, Aste Nagusia dela eta. Edozelan ere, neurria ez da establezimendu guztietan jarriko indarrean: eguneko lokalek, osagarriek eta terrazek ohiko ordutegia izango dute. Establezimenduen kanpoan edariak kontsumitzeko ordutegia ere ez da luzatuko. Neurri horren bidez, Bizkaiko Ostalaritza Elkarteak hiriko ekitaldi handi eta jaietarako egindako eskaerari erantzun diote.
Â