Bilbok kamera berriekin «zainduko» du San Frantzisko, 269.000 euroan

Ibai Maruri Bilbao.
Bilbo
2019ko ekainaren 15a
00:00
Entzun
Bilboko Udalak San Frantzisko auzoan dituen segurtasun kamerak kendu eta bereizmen handiagoa duten batzuk ipiniko ditu. Kamera berriekin eremu zabalagoa zaintzeko aukera izango du. Gauez ere irudi argiak emango dizkiote, eta koloretan grabatzeko aukera. Horretarako, 269.000 euroko aurrekontua onartu du. Udalak dioenez, prebentzioan indar egiteko aldatuko dira kamerak. Aurtengo azken hiruhilekoan ipiniko dituztela iragarri dute.

Tomas del Hierro jarduneko Segurtasun zinegotziak iazko azaroan iragarri zuen duela hamar urte jarritako kamerak lau hilabete baino lehen aldatzeko asmoa. Epea igaro zenetik, Sanfran Auzokideak elkartea presio egiten ibili zaio. Iaz sortu zen elkarte hori, auzoan «segurtasun falta gero eta handiagoa» dela salatzeko helburuarekin. Herritarrek osatutako zaintza taldeak ere egin nahi izan dituzte. Batez ere migratzaileak egin dituzte delituen erantzule, eta atzerritarren aurkako mezuak sarritan agertu izan dira auzoko hormetan.

San Frantzisko, Bilbo Zaharra eta Zabalako Taldeen Koordinadorak eta SOS Arrazakeriak sarri salatu dute udalaren eta Sanfran Auzotarrok elkartearen jarrera. Migratzaileak «kriminalizatzea» egotzi diete. Poliziak ugaritzeko eta halako neurrien ordez, bestelako politika batzuk eskatu dituzte, gizarteratzeari begira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.