Ertzaintzak 84 urteko emakume bat erreskatatu du Bilboko baserri batetik, Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Antza, 60 urteko semeak giltzapetua zuen ama, zabor, gorotz eta katu gorpu artean, eta asteartean erreskatatu zuen Ertzaintzak, gizona etxetik kanpo zela. Pagasarri mendiaren inguruko baserri batean gertatu da.
Adierazi dutenez, ikerketa abiatu dute, eta gizonaren bila dabiltza. Bizilagun batek egin zuen deia, eta poliziek ikusi zuten atea sokaz lotua zuela semeak. Azaldu dutenez, emakumea zegoen baserri horretan katuen eta txorien gorpuak, gorotzak eta txakur zaurituak zeuden.
El Correo egunkariak argitaratu duenaren arabera, gizonak polizia aurrekariak ditu. Giza hilketagatik eta giza hilketa egiten saiatzeagatik epaitua zuten 1996an eta 2021ean, besteak beste.