Bilboko etxegabetzeei aurre egiteko protokoloa berrikusteko eskatu du EH Bilduk

Koalizioaren ustez, 2018an onartutako protokoloak jadanik ez du balio. Salatu dute Bilbon astero egiten dituztela etxegabetzeak.

Bilboko Zazpikaleetan ekainaren 27an egindako etxegabetzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bilboko Zazpikaleetan ekainaren 27an egindako etxegabetzea. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bilbo
2025eko uztailaren 4a
17:00
Entzun 00:00:0000:00:00

«Etxebizitzaren egoera larria da», EH Bilduko Bilboko udal taldeko bozeramaile Maria del Rioren iritziz. Azken hilabeteetan gutxienez etxegabetze bi gertatu dira Bilbon, bata Zurbaranbarri auzoan eta bestea Zazpikaleetan. Hori dela eta, EH Bilduk eskatu du berrikusteko etxegabetzeei aurre egiteko udal protokoloa. Aipatutako protokoloa 2018an onartu zuten, eta 2013tik lanean ari da Hiriko Etxegabetzeei Aurre Egiteko Udal Zerbitzua. Gaur egun, ordea, protokolo horrek ez du balio, EH Bilduren iritziz.

Izan ere, egoera oso bestelakoa da. Udal zerbitzuak 2013an 21 eskaerari erantzun zien; iaz, berriz, 233ri. «Hazkunde horrek biztanleriaren geruza zabalagoei eragiten die, eta biztanle horien baldintza sozioekonomikoak gero eta askotarikoagoak dira», gehitu du Del Riok. Etxegabetzeen ezaugarriak ere aldatu dira: 2013an gehienak hipotekadunak ziren —hamalau hipotekadun eta zazpi maizter— eta iaz gehienak maizterrak (233tik 210). 

Beraz, zerbitzu horiek nahikoak ez direla eta astero etxegabetzeak izaten direla salatu du koalizioak, askotan «isilak». Etxegabetze horien ondorioz, alokairuan bizi diren familiak beste etxebizitza batzuetara joaten dira, eta egoera are eta prekarioagoan bizi dira. Horietan, zenbait familia bizi dira, batzuetan kontraturik gabe. Gainera, familia osoa gela bakarrean bizi ohi da, eta komuna eta sukaldea beste batzuekin partekatzen dituzte. «Horixe da txabolismo bertikal deritzona, eta gure hirian dugu», azpimarratu du. Halaber, Del Rioren iritziz, arazoa ez da bakarrik eremu pribatuan gertatzen: «Azken bi hilabete hauetan ikusi dugu udal etxebizitzek, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Alokabidek berak ere familia zaurgarriak etxegabetu dituztela».  

Baliabide eskasak

Karlos Renedo zinegotziak azaldu duenez, egoera larria ez ezik, konplexua da, eta gero eta kasu mota gehiago daude; haren iritziz, egun dauden udal baliabideak ez dira nahikoak. Protokoloa sei urtean indarrean egon ostean, EH Bildu ohartu da protokoloa bera moldatu eta hobetu egin behar dela. Era berean, uste du prozesu hori aurrera eramateko ez direla bakarrik udal batzarrean dauden alderdiak kontuan hartu behar, baita lanean ari diren eragileak, etxebizitza sindikatuak eta hirugarren sektoreko erakundeak ere.

Prozesu horrek hainbat helburu bete behar dituela adierazi du Renedok. Lehendabizi, beharrezkoa iruditzen zaie diagnostiko sakon bat egitea, Bilboko egoeraren argazki zehatza zein den jakiteko. Horren bitartez, kaleratzeak azkar atzemateko aukera egongo litzateke, baita egoera horretan dauden pertsonak laguntzekoa ere. Hala eta guztiz, etxegabetzea gauzatuko balitz, kolektibo zaurgarriak ondo babestea beharrezkoa dela nabarmendu du.

Beste helburuetako bat koordinazioa hobetzea da. Azkenik, ezinbestekoa iruditzen zaio egun dauden giza baliabideak eta bizitegi baliabideak berraztertzea eta berriro dimentsionatzea. Gogoeta hori lehendabizi udal etxebizitza organismo publikoan egitea proposatu du, baina uste du prozesu horrek «zeharkakoa» izan behar duela eta inplikatuta egon behar dutela udaleko gainerako sailek, baita aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak berak ere. «Erantzukizunez» jokatzeko eskatu du. 

Beste etxegabetze bat 

Datorren astelehenean, uztailak 7, beste etxegabetze bat dago aurreikusita Bilbon, San Frantzisko kaleko 6. zenbakian. AZET Alde Zaharreko Etxebizitza Sindikatuak jakinarazi duenez, bost seme-alabadun familia bat etxegabetu nahi dute. 08:00etan bertaratzeko deia egin du sindikatuak, egoera salatzera eta etxegabetzea gauza ez dadin erresistentzia egitera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.