Familia bat etxegabetu dute Bilbon, tartean lau adingabe

Alokabidek etxerik gabe utzi du Bilboko Zazpikaleetako Bidebarrietan bizi zen familia bat. Ertzaintza oldartu egin zaie protestan ari zirenei. Uztailaren 7an beste sendi bat kaleratu nahi dute. Jaurlaritzak adierazi du okupazio kasu bat dela.

Gaurko etxegabetzea, Bilboko Bidebarrieta kalean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Gaurko etxegabetzea, Bilboko Bidebarrieta kalean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Kepa Ugarte Martiarena - Gorka Berasategi Otamendi
Bilbo
2025eko ekainaren 27a
13:11
Entzun 00:00:0000:00:00

Rosario, Miguel eta haien adin txikiko lau seme-alabak kalean utzi dituzte gaur goizean. Hiru urtean, Alokabidek emandako etxe batean bizi izan da sendia, Bilboko Zazpikaleetan, Bidebarrietan: erakunde publikoak berak abiatutako prozesuaren ondorioz kanporatu dituzte, eta «ez diete inolako alternatibarik eskaini», AZET etxebizitza sindikatuak txarretsi duenez. Ertzaintza oldartu egin zaie etxegabetzea geldiarazteko asmoz bildutako auzokideei, bultzaka eta borraz kolpeka. Guztira, hamabi lagun identifikatu dituzte. AZETek aurreratu duenez, uztailaren 7an beste familia bat etxerik gabe utzi nahi dute, Bilboko San Frantzisko kalean.

Etxebizitza sindikatuak deituta, dozenaka auzokide bildu dira 08:00etan, Bilboko Zazpikaleetako Bidebarrietan, bertan egin behar zuten etxegabetzearen kontra protesta egiteko asmoz. Ertzaintza ere goizean goiz agertu da, eta auzokideei ez die utzi hurbiltzen kaleratu behar zuten familia bizi den atarira.

Segizio judiziala ordubete geroago iritsi da, eta orduan areagotu egin da tentsioa: Ertzaintzak bultzaka eta borraz kolpeka urrunarazi ditu protestan ari zirenak, eta haietako hamabi identifikatu ditu. AZETek gaitzetsi duenez, segizio judizialarekin hitz egiteko aukerarik ere ez diete utzi etxebizitza sindikatuko kideei, «ezta familia artatzen dabilen gizarte langileari ere».

Rosariok eta Miguelek adin txikiko lau seme-alaba dituzte, eta zaurgarritasun egoeran daude, Gizarte Zerbitzuek horrela aitortuta. «Ez daukate nora joan». Etxebizitza sindikatuko kideek «oso larritzat» jo dute «Alokabidek berak» etxegabetze prozesua abiatu izana, «etxebizitza hori hutsik geratu baita, eta familia, berriz, kale gorrian».

Segizio judizialak etxegabetzea gauzatu ostean, Bilboko Udaleko Gizarte Ekintzaren eraikinera joan dira auzokideak eta AZETeko kideak, kaleratutako familiari alternatibaren bat eskain ziezaioten: «Ez dute borondaterik erakutsi gurekin biltzeko. Baina, gutxienez, hitzordua adostu dugu hurrengo asterako». Hala ere, bilera horretatik ez dute askorik espero.

Bide judizialetik ere ahalegindu dira etxegabetzea gelditzen: AZETek helegitea aurkeztu zuen kaleratzea atzeratu zezatela eskatuz. Baina, behin sendia etxetik kanporatuta, itxaropenik ez daukate: «Beste kasu batzuetan ikusi izan dugu epaileak etxegabetzea atzeratzea erabaki arren behin hori gauzatuta familiak ezin izan duela etxebizitza berreskuratu».

Alokabide

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko iturriek BERRIAri azaldu diotenez, etxegabetzeak «legez kanpoko okupazio bati» erantzuten dio, eta prozesu judizial luze baten emaitza izan da, eta familia bideratua zegoen gizarte laguntzarako baliabideetara, «ahalik eta azkarren irtenbide bat bilatzeko».

Jaurlaritzaren Etxebizitza Saileko iturriek adierazi dute ez dela bat-bateko kaleratzea izan, abisuak eman dituztela aurretik, eta Bizkaiko Probintzia Auzitegiak data bat zuela ezarria kaleratzerako. «Okupazioak jarraitzen badu, gure betebeharra da etxebizitza berreskuratzea». Etxebizitza osasun baldintza kaskarretan aurkitu dutela gaineratu dute. Alokabidek 18.000 etxebizitza inguruko sare bat du, eta horien %0,3tan izan dituzte soilik okupazio kasuak. «Oso gutxi da».

Beste etxegabetze bat

Azken orduko aldaketarik ezean, uztailaren 7an Bilboko San Frantzisko kaleko familia bat etxegabetuko dute. AZETek azaldu duenez, «familia hark urteak daramatza sindikatuan, epaile batek kaleratzea gauzatzeko data noiz emango». Sendi horri dagokionez, Bizkaiko Foru Aldundiak eman du etxebizitza husteko agindua, Tutoretza Erakundearen bitartez, «eta haiei ere ez diete inolako alternatibarik eskaini».

Etxebizitza sindikatuak azpimarratu duenez, «gero eta jende gehiagorentzat antolatzea eta borrokatzea da bizirauteko aukera bakarra». Hori dela eta, egun horretan hara hurbiltzeko deia egin du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.