Euskal Herriko Unibertsitatearen Bilboko Ingeniaritza Eskolak eta Barnealdeko Tokien Segurtasunerako eta Osasunerako Mundu Erakundeak (WOSHIE) hitzarmen bat sinatu dute gaur Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkargoaren egoitzan. Elkarlanean hasi dira igogailuetan edozein birus kutsatzea eragozteko patente bat sortzeko asmoz, eta horrela pertsonen osasuna babesteko leku itxietan.
Hitzarmenaren barruan egiten duten lehenengo lana da, eta eraikinen barruan egoten direnen osasuna eta babesa sustatzea du helburu. Patenteak modua emango du jende gehiago ibili ahal izateko igogailuetan, kutsaduren aurkako babes egokiak erabiliz. Izan ere, pandemia hasi zenetik igogailuen erabiltzaile kopurua mugatuta dago, eta, kasu batzuetan, pertsona bakarrak erabil dezake segurtasun distantziak mantendu ahal izateko.
EHU WOSHIEren batzorde zientifikoko kide bihurtu da, eta, unibertsitate publikoak duen «ikerketarako eta hedapenerako gaitasunarekin», Eraikinak birusen kutsaduratik babesteko WOSHIE ziurtagiriaren eskakizunak eguneratzen eta hobetzen lagunduko du. Rafael Diez Espainiako WOSHIEren ordezkariak azaldu duenez, «Dublinen du egoitza WOSHIE ziurtagiriak, eraikinen barruan birusak ez kutsatzeko bide guztiak jorratzen dituen nazioarteko lehen ziurtagiria». Galdakaoko Udala (Bizkaia) WOSHIE ziurtagiria lortzeko bidean dago, eta, «seguru asko, ziurtagiri hori lortuko duen munduko lehen udala» izango da.
EHUk ez ezik, Euskal Herriko beste bi erakundek ere bat egin dute egitasmoarekin: Bilboko Medikuntza Zientzien Akademia eta Bizkaiko Industria Ingeniarien Elkartea. Bi horiek ekainaren 29an sinatu zuten lankidetza hitzarmena WOSHIErekin.