Bilboko Konpartsek argi utzi dute ez dutela inolako erasorik onartuko

Erasoei talde gisa erantzungo dietela adierazi dute, eta ez direla isilik geratuko. Erasorik jasatekotan edo ikustekotan txosnetara jotzeko esan diete herritarrei.

Bilboko Konpartsek erasoen kontrako ekintzak aurkeztu dituzte gaur Areatzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilboko Konpartsek erasoen kontrako ekintzak aurkeztu dituzte gaur Areatzan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
Bilbo
2025eko abuztuaren 15a
18:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Amaierara iristen ari da atzerako kontaketa: bihar hasiko da festa Bilbon. Aste Nagusiaren atarian, adierazpen irmo eta garrantzitsua egin dute Bilboko Konpartsek: «Gure kaleetan eta gure jai eremuetan ez dute lekurik eraso sexistek, arrazistek eta LGTBIfoboek, ezta polizia indarkeriak ere». Erasoei aurre egiteko prest daudela jakinarazi dute, eta ez direla isilik geratuko.

«Gure jai parte hartzaile, herrikoi, bizi, plural eta feministak elkartzeko, ikasteko, saretzeko eta aldarrikatzeko lekuak dira, baita musikaz eta beste hainbat jarduera kulturalez gozatzeko ere», esan du Iratxe Ugalde Zarate Bilboko Konpartsetako kideak gaur, Areatzan egindako agerraldian. Hark ez ezik, hitza hartu dute Mikel Varela, Elena Rosales eta Cris Elias konpartsakideek ere —azken biek gazteleraz irakurri dute adierazpena—. Konpartsetako beste hainbat kide ere izan dira bertan, zapi moreak eskuan zituztela eta Manteroekin bat, Eraso sexistarik gabeko jaien alde eta Bilboko Aste Nagusian euskaraz gozatzera gatoz! lelodun pankartak zeramatzatela.

Ugaldek gogorarazi du Aste Nagusia hainbat konpartsaren, eragileren, auzoren eta elkarteren jai parte hartzailea dela, «errespetuz, askatasunez eta berdintasunez jarduteko eremua». Horregatik, argi utzi du ez dutela erasorik onartuko. Elkarte eta eragile ugarirekin hainbat protokolo landu dituzte, hala nola mugimendu feministarekin, SOS Arrazakeriarekin eta EHGAMekin. «Protokoloen helburua da erasoa jasan duena entzutea eta babestea», zehaztu du Varelak.

«[Txosnetako] Arduradunok jarrera enpatikoa izango dugu, aurrez landua, eta gune seguruak eskainiko ditugu, epaitu gabe eta kontakizuna zalantzan jarri gabe»

MIKEL VARELA Bilboko Konpartsetako kidea

Bederatzi egunetan, txosnak izango dira erreferentzia puntu. Varelak dei egin die herritarrei erasoren bat jasatekotan edo ikustekotan jai guneko edozein txosnatara jo dezaten, babesa eta laguntza eskatzera. «Bertako arduradunok jarrera enpatikoa izango dugu, aurrez landua, eta gune seguruak eskainiko ditugu, epaitu gabe eta kontakizuna zalantzan jarri gabe», azaldu du.

Akonpainamendua, leku seguru bat eta atsedena eskainiko diete herritarrei txosnetan. Eta, behar izanez gero, beste eragileekin, instituzioekin edo zerbitzuekin jarriko dira harremanetan; besteak beste, gizarte zerbitzuekin, GLUZ Bilboko larrialdi zerbitzuarekin, Bizkaiko Foru Aldundiaren Ate Morearekin eta krisi zentroarekin. «Betiere erasoa jasan duenak hala nahi badu», nabarmendu du Varelak.

Zaintza txanda egunero

Konpartsakideak jakinarazi du erasoak kudeatzen laguntzeko pertsona bat egongo dela zaintza txandan egunero. Horrez gain, erasoren bat gertatuz gero, konpartsek goizero egiten duten informazio mahaian erabakiko dute nola erantzun, erasoa jasan duenaren baimena edukita eta inguruko eragileak aintzat hartuta. Varelak argi utzi du erasoei talde gisa erantzungo dietela, eta ez dutela erasorik onartuko.

Ugalderen hitzetan, erasoak ez dira «ausaz gertatzen diren kontuak», ezta «gaizki-ulertuak» ere. «Elkarrekin eraikitzen ari garen hori zauritzen, baztertzen eta hausten dute indarkeria horiek», salatu du. Indarkeria hori, gainera, «begirada konplize bakoitzak» elikatzen du, baita «jarrera onartezinak salatzen ez dituenaren isiltasunak» ere. «Ez dugu inondik inora horrelako zapalkuntzarik onartuko».

«Irmoki gaitzesten dugu azalpenik gabeko polizia indarkeria, bereziki hura erabiltzeko aitzakia jatorria, azalaren kolorea edo egoera zaurgarrian egotea bada»

IRATXE UGALDE ZARATE Bilboko Konpartsetako kidea

«Azalpenik gabeko polizia indarkeria» ere irmoki gaitzetsi du Ugaldek, «bereziki hura erabiltzeko aitzakia jatorria, azalaren kolorea edo egoera zaurgarrian egotea bada, eta bereziki pertsonak zapaltzeko, umiliatzeko edo zigortzeko egiten bada». Horiek horrela, pertsona guztiei tratu duina ematea aldarrikatu du, eta adierazi ez dutela jipoi bihurtzen den atxiloketarik onartuko, ezta «ordena publikoaren aitzakian basakeria eguneroko gauza arrunt bihurtzea» ere. Hiria segurua izatea nahi dutela esan du, baina herritar guztientzat.

Aste Nagusia elkarrekin eraikitzen jarraitzeko deia egin dute konpartsakideek. «Jarrai dezagun dantzan, elkartzen, jolasten, elkar ezagutzen, gozatzen, aske maitatzen eta ospatzen». Horregatik, Bilbo Feminista Saretzen-ek antolatutako mobilizazioetan parte hartzera gonbidatu dituzte herritarrak.

«Lurrikara feminista»

Feministek arratsaldean egin dute agerraldia, eta bertan eman dute mobilizazioen berri. «Bilbo lurrikara feministaren epizentroa izango da», adierazi dute. «Eremu publikoa askatasunez, beldurrik gabe eta tentsiorik gabe okupatzeko» duten eskubidea aldarrikatu dute: «Nazkatuta gaude indarkeriarako prestatu behar izateaz gozatzera gatozenean. Aspertuta gaude erasoekin, konplizitateekin, isiltasunekin eta errukitzen diren begiradekin». Argi utzi dute ez dutela eraso matxistarik, arrazistarik eta LGTBIfoborik onartuko.

Bilboko mugimendu feministaren prentsaurrekoa.
Bilboko mugimendu feministak agerraldia egin du gaur Arriaga plazan. MARISOL RAMIREZ / FOKU

Haien hitzetan, emakumeak —«transak, bollerak, migratuak, arrazializatuak, konpartsakideak»— jada ez datoz erresistentzia egitera bakarrik: «Gozatzera gatoz, espazioa okupatzera gatoz, jai eremu hau askatasunez eta alaitasunez ertz guztietara hedatzera gatoz». Are, erantsi dute antolatuta daudela eta haien arteko aliantzak «inoiz baino indartsuagoak» direla. Horiek horrela, bihar gauerdian egingo duten manifestazio feministan parte hartzeko deia egin dute; 23:45ean abiatuko dira, Algara konpartsan. «Jai hauen erdigunea, muina, indar sismikoa izango gara».

Iruzkinak
Ezkutatu iruzkinak (1)

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.