Horma bat eraikitzen hasi dira Bilboko portuan, Portsmouthera doan ferrya abiatzen den eremu berean. Udan dozenaka errefuxiatu saiatu dira ferry horretan sartzen eta Erresuma Batura joaten. Zierbenan kanpalekuetan egoten ziren zain, oihalezko kanpadendetan. Irail erdialdean, Espainiako Poliziak identifikatu egin zituen Zierbenako kanpaleku horretan zauden errefuxiatuak: orduan 90 bat etorkin zeuden; gehienak albaniarrak, Afganistango lau izan ezik.
Bilboko Portuak erabaki du horma bat jartzea, errefuxiatu horiek ferryra sartzea eragozteko. Ohar batean, adierazi du behartuta dagoela segurtasuna bermatzera. “Sarrerako neurriak indartzea erabaki da, sumatu baita oraingoak ez direla nahiko eraginkorrak”. Errefuxiatuei eragingo die neurriak, baina portuak adierazi du beste norbaiti eragingo balio ere berdin jokatuko lukeela: hormak jarriko lituzketela “portuko beste edozein lekutan, sartzen saiatzen direnak nazionalitate batekoak edo bestekoak izan”.
Elkarrekin Podemosek Eusko Legebiltzarrera eraman du gaia. Ohartarazi du hormak jartzea ez dela “soluzioa”, eta “eskubide urraketa” bat dela egoera hori. Arantxa Tapia Eusko Jaurlaritzako Garapen Ekonomikoko sailburuaren agerraldia eskatu du —portuen gaiak sail horretakoak dira—, eta interpelazioa egingo dio Iñigo Urkullu lehendakariari.