Bilboko Udalak adierazi du Bilbobuseko enpresa kudeatzailearekin duen kontratua deuseztatuko duela

Hiru hilabeteko epea ezarri dute horretarako. Udalak enpresa batzordeari eskatu dio greba mugagabea bertan behera uzteko, baina langileek ez dute onartu.

Bilbobuseko langileek joan den astean egindako protesta. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bilbobuseko langileek joan den astean egindako protesta. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2024ko apirilaren 16a
13:35
Entzun

Duela astebete ekin zioten greba mugagabeari Bilbobuseko langileek, eta, oraingoz, ez dirudi bertan behera utziko dutenik. Enpresa batzordea Bilboko Udalarekin bildu zen atzo, eta, langileen arabera, udalak jakinarazi zien zerbitzua kudeatzen duen Biobide enpresaren kontratua indargabetu egingo duela. Hiru hilabeteko epea ezarri du horretarako. Halaber, greba bertan behera uzteko eskaera egin dio udalak enpresa batzordeari, baina ordezkariek aukera hori baztertu dute.

Lan gatazka luzea du Bilbobusek. UGT, ELA, CCOO, USO, LAB eta ESK sindikatuek deituta, iazko urriaren 23an hasi ziren lanuzteekin. Aldaketarik egon ez dela ikusita, 24 orduko grebekin hasi ziren apirilaren 9an. 2021. urtearen amaieratik hitzarmenik gabe daude beharginak. Besteak beste, bi urte daramatzate soldata izoztuekin.

Bilboko Udalak Biobide enpresari eman zion Bilbobus zerbitzua eskaintzeko kontratua duela bost urte. 500 milioi euroko kontratua adostu zuten hamar urterako, 2019tik 2029ra. 2019an sinatutako lan hitzarmenaren arabera, langileen soldata igoerak %1,5 gehi KPIa izan behar du kontratuak irauten duen hamar urteetan. Biobidek %8ko soldata igoera aplikatu zuen 2021ean. Geroztik, ez du soldatarik eguneratu. Enpresak dio ezin diela aurre egin lan hitzarmenean onartutako soldata igoerei.

Egoera hori ikusirik, udalak erabaki du kontratu hori bertan behera uztea. Hiru hilabeteko epean utziko duela bertan behera esan die langileei. Horren ostean, behin-behineko kontratu bat egingo lukete, gero lizitazio berri bat egiteko, baina oraindik ez dute ezer zehaztu.

Jose Fernandez UGT sindikatuko ordezkari eta enpresa batzordeko presidenteak adierazi duenez, udalak esan die kontratuaren auzia konpontzeko denbora behar dutela eta, hortaz, langileei eskatu diete greba bertan behera uzteko. Fernandezek adierazi du ez dutela hori egingo, baina prest daude gatazka konpontzeko negoziazioei ekiteko.

Langileak sabotajeen aurka

Biobidek atzo salatu zuen hainbat autobusetan sabotajeak egin dituztela, gutxieneko zerbitzuak bete ez daitezen. Azaldu zuenez, goizeko txandan 38 ibilgailu egon behar ziren martxan, eta 5-10 baino ez zeuden. Besteak beste, sei autobusetako kristalak apurtu dituzte, beste bi autobusetako gurpilak zulatu eta korrontea deskonektatzeko 65 gailu lapurtu.

Fernandezek adierazi du sabotajearen «guztiz aurka» daudela, eta hori «justifikaezina» dela. Halere, gehitu du «oso erraza» dela «errua besteari botatzea», eta salatu du mobilizazioan azken hilabeteetan «beste aldera batera» begiratu dutela erantzuleek. «Greba beharrezkoa» izan ez balitz, zerbitzu guztiak mantenduko lituzketela gogoratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.