Etsipena nagusi Bilbobuseko langileen artean

Bilbobuseko langileak greba mugagabea egiten ari dira gaurtik aitzina. Zerbitzu minimoak plantan eman dituzte. Lan hitzarmen duina egiteko eta soldatak igotzea negoziatzeko eskatu dute, eta enpresa kudeatzailearen jarrera salatu.

Bilbobuseko langileen manifestaldia, gaur goizean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Bilbobuseko langileen manifestadia, gaur goizean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Xalbat Alzugaray
Bilbo
2024ko apirilaren 9a
18:00
Entzun

Ane Perea Bilbobusen erabiltzailea ezin izan da garaiz iritsi lanera: «Etxetik lehenago atera naiz, baina egia da autobusa ez izatea trabagarria dela». Greba eginez, espero du ados jarriko direla eta Bilbobuseko zerbitzua normaltasunera itzuliko dela: «Haien aldarrikapenak ulertzen ditut, eta bakoitzak bere lan eskubideen alde egin behar du, lan duina izatea ere bada-eta ongizatearen gakoa».

09:00ak dira, eta «zerbitzu barik» idatzirik jautsi da autobus gorria Euskalduna zubitik beheiti. Kale Nagusian hasi dute Bilbobuseko langileek greba mugagabea. UGT, ELA, CCOO, USO, LAB eta ESK sindikatuek deituta hasi dute manifestaldia, orgatxo gorria zutela aitzinean. Bilbobuseko langile tropa abiatu da, eta, Jesusen Bihotza plazara ailegatuta, geldiunea egin du.

Lan hitzarmena negoziatzea

2021etik negoziatu gabe duten lan hitzarmena aipatu du Jose Fernandezek, UGT sindikatuko ordezkari eta enpresa batzordeko presidenteak: «Hitzarmen duina nahi dugu. Lan hitzarmenak ez dira betetzen, eta 2021etik izozturik dauzkagu soldatak».

Bilbobus zerbitzua udalaren eta Biobide enpresaren artean kudeatua da. 2019an sinatu zuten kontratu berria. Fernandezek deitoratu du zerbitzua eta lan baldintzak okertu direla enpresaren eta udalaren arteko kontratua sinatuz gero: «Alsa-Biobideren eta udalaren arteko kontratuak ez du gehiago balio. Ez ditugu erruduntzat jo orain arte, baina, haien axolagabekeria ikusirik, arazoaren arduradun ez, errudun dira orain». Iratxe Villagra LAB sindikatuko ordezkariak ere azpimarratu du nahiz eta lan hitzarmena aldatzeko ahaleginak egin ez dutela deus lortu: «Enpresak ez du ezta hobekuntza ttipiena ere negoziatu nahi; bilkura franko ukan genituen udalarekin eta alderdi politiko desberdinekin, eta hitz hutsalak ukan genituen bakarrik: ez da deus gauzatu geroztik».

Txaloak

10:30ak dira, eta, El Corte Ingles merkataritza gunetik pasatzean, espaloian jarririk zeuden hiru emazteek txaloka harrera egin diote langile andanari eta bozgorailutik aditzen den mezuari: «Biobidek dirua lapurtzen du instituzioetatik, eta udalak badaki». Kuraia eta animo oihuen artean joanik, Fernandezek negargarritzat jo du Bilbobusen zerbitzuaren kalitatea: «Negargarria da Bilbobus lehen zerbitzu publiko ona izanda kalitate txarrean izatea gaur egun, eta hori udalaren eta Biobide enpresaren errua da. Etsigarriena da hiritarrek ezin dutela lehen bezalako kalitatezko zerbitzua kontsumitzen ahal, nahiz eta zerbitzu hori berdin-berdin ordaintzen duten». Aitor Bilbao CCOO sindikatuko ordezkariaren arabera, lanpostuei «eustea» beharko litzateke egoera hobetu dadin. Enpresarekin eta udalarekin duten komunikazio falta ere salatu du Bilbaok: «Ez dago negoziaziorik, ez udalarekin, ezta Biobiderekin ere, ez dago deus».

11:30ak: manifestaldia udaletxera heldu da. Bilbaoren arabera, soldata duinak ukaitea ere aldarrikatzen dute: «Gure erosahalmenari eusteko, beharrezkoa da gure lansarien igatea mantentzea KPI indizeari lotuz». Villagra ere bat dator eskaerarekin, eta udalari erantzukizuna eskatu dio aterabide duina aurki dezaten: «Udalak du egoera hau hobetzeko erantzukizuna eta ardura, haiek ahalmena baitute hau guztia hobetzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.