Bilboko eskola publikoetako guraso elkarteek ahotsa goratu dute azken egunetan, tenperatura altuak direla-eta eskolek neurririk hartu ez dutelako. Bada, Bilboko Udaleko Hezkuntza zinegotzi Eider Bilbaok (PSE-EE) atzo jakinarazi zuen udalak «premiazko neurriak» hartuko zituela, nahiz eta ez zuen zehaztu neurri horiek zeintzuk izango diren.
«Klima aldaketa hemen geratuko da, eta, horretarako, administrazioetatik are egitura aldaketa eta inbertsio gehiago egin beharko ditugu ikastetxeetan, neguan hotza egiten duenean berogailuarekin egiten dugun bezala, ikastetxeetako tenperatura osasungarria dela ziurtatzeko». Bilboko Udaleko Hezkuntza zinegotziaren hitzak dira, atzo goizean egindako udalbatzarrean esanak.
Adierazi zuenez, Bilboko Udala «plan propio bat» garatzen ari da Bilboko ikastetxeetarako, baina gogoratu zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailak «ikasgeletan klima aldaketari aurre egiteko plan orokor bat» iragarri duela, eta Bilboko Udala ere horren parte izango dela. «Harremanetan gaude Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Sailarekin, eta elkarlanean aritzeko prest gaudela esan diegu, egin dezakegun edozein ekarpenekin laguntzeko».
Izan ere, Bilboko eskola publikoetako gurasoek ohar bateratu bat kaleratu dute asteon, ikasgeletan egiten duen beroa dela eta. Hartan, laguntza eskatu diete eskumenak dituzten erakunde guztiei adingabeen «ongizatea eta osasuna» berma ditzaten. Egoera salatzeko hainbat kontzentrazio egin zituzten atzo Bilboko zenbait ikastetxetan. Esaterako, Pagasarribiden eta Indautxuko Eskolan.