Bilboko ikastetxeetako gurasoek beroaldiei aurre egiteko «berehalako neurriak» exijitu dizkiete Jaurlaritzari eta udalari

Muturreko tenperaturen ondorioz beren seme-alaben osasuna «arriskuan» dagoela salatu dute familiek. Nabarmendu dute zenbait ikasgelatan 35 gradu izan dituztela azken egunotan. «Bero honekin ezinezkoa da ikastea».

Bilboko ikastetxeetako guraso elkarteek gaur goizean egin duten agerraldia, Luis Briñas eskolaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Bilboko ikastetxeetako guraso elkarteek gaur goizean egin duten agerraldia, Luis Briñas eskolaren aurrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
June Montero
Bilbo
2026ko maiatzaren 28a
16:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beroak gogor jo du Euskal Herria aste honetan, eta Bilboko zenbait eskola publiko «babesgabe» geratu dira muturreko tenperaturen aurrean. Beroarena «aurreikusi zitekeen» eraso bat izan da ordea, Garazi Andres Pagasarribide ikastetxeko guraso elkarteko kidearen eta Mari Carmen Tajadura Luis Briñas Santutxu ikastetxekoaren aburuz. Hiriko zazpi guraso elkartek agerraldi bat egin dute gaur goizean, baina guztira hamaseik babestu dute haien mezua. Andresek eta Tajadurak argi adierazi dute egoeraren erantzuleak nortzuk diren: Eusko Jaurlaritza eta Bilboko Udala, hain zuzen. Bi erakunde horien «utzikeria» salatu dute, eta egotzi diete irakaskuntza «oztopatzea» eta ikasleen osasuna «arriskuan» jartzea: «Bero honekin ezinezkoa da ikastea». Ikasgelen «baldintza tamalgarriak» zuzentzeko, «berehalako konponbideak» eskatu dizkiete instituzioei.

Ikastetxe batzuetan 35 gradura heldu da tenperatura azken egunotan, Andresek eta Tajadurak azaldu dutenaren arabera. Horrek nabarmen gainditzen du legediak mugimendurik gabeko lanetarako zehazten duen gehienezko hozberoa: 17 eta 27 gradu artekoa da legez onartutako tenperatura. Horrek ikasleen osasunean «ondorioak» dituela ohartarazi dute Bilboko guraso elkarteetako kideek: «Lipotimia, gastroenteritisa, akidura eta bestelako gaitzak gero eta ohikoagoak dira gure ikastetxeetan beroaren ondorioz». 

Andresek gogora ekarri du bero kolpe baten ondorioz 4 urteko ume bat artatu behar izan zutela herenegun Pagasarribide ikastetxean. Anbulantzia medikalizatu bat bidali behar izan zuten eskolara. 

«Lipotimia, gastroenteritisa, akidura eta bestelako gaitzak gero eta ohikoagoak dira gure ikastetxeetan beroaren ondorioz»

GARAZI ANDRES Pagasarribide ikastetxeko guraso elkarteko kidea

«Kezkatuta» daudela adierazi du Andresek, eta seme-alabek bero kolpe bat izatearen «beldur» direla. Izan ere, ikasgeletan dagoen beroa ez da gurasoen kezka bakarra: jolastokien egiturak ere arduratuta dauzka familiak. Andresen hitzetan, «kartzeletako patioak» dirudite ikastetxe batzuetako jolastokiek: «Hormigoiz inguratuta daude, eta horrek bero boladen ondorioak areagotzen ditu. Guraso elkarteok urteak daramatzagu patioak naturalizatzeko eskatzen, bestelako materialez eta itzalez hornitu ditzaten». 

Bilboko guraso elkarteek bero eta hotz boladei aurre egiteko eraikinak «klimatizatu eta isolatzeko plan eraginkorrak» exijitu dituzte, baita azpiegiturak hobetzeko «benetako inbertsioak» ere. Besteak beste, ordutegiak, jarduerak eta menuak egokitzeko eskaria ere egin dute, betiere ikastetxeetako hezkuntza proiektuari eta familien kontziliazio eskubideari «kalte egin gabe». 

(ID_16128865) (Aritz Loiola/@FOKU) 2026-05-28, Bilbo. Bero bolada dela eta, Bilboko eskola publikoetako guraso elkarteek prentsaurr...
Luis Briñas ikastetxeko ikasleek kartelak eskegi dituzte jolaslekuaren hesietan. ARITZ LOIOLA / FOKU

Eskaera horiek, ordea, ez dira gaur egungoak. Tajadurak eta Andresek gogora ekarri dute Bilboko guraso elkarteek urteak daramatzatela beroaren ondorioak arintzeko neurriak eskatzen. Azaldu dutenaren arabera, ia hogei urte dituzte muturreko tenperaturek sortu ditzaketen arazoei buruzko txostenetako batzuek. Egoera «urterokoa» dela salatu dute, eta «bi hamarkadatan» ez dela aurrerapausorik egon. «Ez dago haien esku eguzkia itzaltzea, baina bai, ordea, beharrezkoak diren neurriak hartzea ikastetxe publikoak benetako labe bihurtu ez daitezen». 

Toldoak jartzea

Erakundeen «aitzakiez eta gezurrez nekatuta» daudela adierazi du Tajadurak. Haren esanetan, instituzioek «behin eta berriz» errepikatzen dute argudio bera: eraikin batzuek balio historikoa dutela eta babestuta daudenez ezin direla birmoldatu. Ikastetxe horietako bat da Tajadurak ordezkatzen duena. Ironia ahotsean mintzatu da udalaz: «Oraintxe, udalbatza bilera bat egiten ari da Bilboko udaletxean. Imajinatzen dituzue alkatea eta zinegotziak 34 gradurekin eztabaidatzen? Ez kezkatu: han aire girotua dago. Zergatik jar daiteke aire girotua udaletxean eta ez gure ikastetxeetan, interes kulturaleko ondare izendatu bazuten 1972an?» 

Andresen eta Tajaduraren arabera, ikasgeletako leihoetan toldoak jartzea izan da erakundeek azken urteotan abiatu duten lan bakarra. Hala ere, proiektua eskola batzuetan soilik jarri dute martxan, eta, gainera, toldoak gela eta pisu jakin batzuetan baino ez dituzte kokatu. Pagasarribiden adibidez, zazpi ikasgelatan ipini dituzte, eta 21 dira guztira; Luis Briñas Santutxuko ikastetxean, berriz, irailean baieztatu zuten eguzki oihalak jarriko zizkietela, eta zain daude oraindik, Tajadurak azaldu duenez. Indautxuko eskolari baino ez diote eskaini haizagailuak erostea. 

«Oraintxe, udalbatza bilera bat egiten ari da Bilboko udaletxean. Imajinatzen dituzue alkatea eta zinegotziak 34 gradurekin eztabaidatzen? Ez kezkatu: han aire girotua dago. Zergatik jar daiteke aire girotua udaletxean eta ez gure ikastetxeetan?»

MARI CARMEN TAJADURA Luis Briñas ikastetxeko guraso elkarteko kidea

Azkenean, eztanda egin du egoerak, eta Luis Briñas ikastetxeko ehun ikaslek baino gehiagok klaseak eten dituzte gaur goizean. IAS Ikasle Antolakunde Sozialistak salatu duenez, ikastetxeko zuzendaritzak «Ertzaintzari deitzeko» eta «zigorrak jartzeko» mehatxua egin die. 

Arratsalderako, elkarretaratzeak eta protesta egiteko bestelako jarduerak ere antolatu dituzte zenbait ikastetxetako guraso elkarteek. Pagasarribiden errepidea oztopatu eta ur gerra bat egin dute, eta Indautxuko eskolan jolastokian bildu dira Ikasgelak ez dira labeak leloaren pean. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA