Bilboko Udalak San Adrian auzoko bizilagun bat etxegabetuko du bihar

Bilboko Udal Etxebizitzak erakunde autonomoa da jabea, eta maizterrak alokairua ordaintzeari utzi dio, etxea egoera txarrean baitago. Etxegabetzeak aurrera jarraitzen badu bihar 08:30ean batzera deitu du Azet sindikatuak.

Etxegabetze bat Bilboko Bidebarrieta kalean, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
Etxegabetze bat Bilboko Bidebarrieta kalean, artxiboko irudi batean. MONIKA DEL VALLE / FOKU
14789412 kepa
Bilbo
2026ko otsailaren 23a
18:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

«Orain dela bi urte, alokairua ordaintzeari utzi zion Oskarrek, etxebizitzak ez baititu betetzen bizigarritasun baldintzak: hezetasuna eta lizuna daude nonahi, eta oinarrizko etxetresnak hondatuta daude». Bilboko Udal Etxebizitzak erakundea, ordea, ez da arduratu konponketak egiteaz, Azet etxebizitza sindikatuak azaldu duenez. Are, «nahiz eta Oscar zorra ordaintzeko prest agertu», etxegabetze agindua jaso du. Horri aurre egiteko, etxe horretako atarian jarri du hitzordua Azetek biharko, Bilboko San Adrian auzoko Goikotorre kaleko 16. zenbakian, 08:30ean. Bizilagun horrek hamalau urte daramatza etxe horretan.

Azetek etxegabetze hori gelditzeko eskatu die Bilboko Udal Etxebizitzak erakundekoei, «eta, bide batez, beste pertsona zaurgarri bat kale gorrian geratzea eragozteko, haiek baitira arduradunak, eta etxegabetzea gelditu dezaketen bakarrak». Gaur udal erakunde horren egoitzaren aurrean batu dira 09:00etan, Nafarroa kalean: arduradunekin bildu dira, etxegabetzea bertan behera utz dezatela eskatzeko eta zorra ordaintzeko negoziazioak abiatzeko. Jakinarazi dutenez, etxegabetzeak aurrera jarraituko du: Bilboko Udal Etxebizitzak erakundeak zor guztia —5.000 euro— batera ordaintzeko eskatu dio maizterrari, baina hark ezin du hori guztia batera ordaindu.

Etxegabetzeak aurrera jarraituko duenez, 08:30ean batuko dira bihar, San Adrian auzoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Euskarazko egunkari nazionala gara. Babestu BERRIA, eta jarrai dezagun Korrika!