Bilboko Zazpikaleetako etxebizitza turistiko bat «berreskuratu» zuten atzo hainbat lagunek, martxoaren 17ko greba orokorra prestatzen ari den batzordearen izenean. Okupazio horren bidez, etxebizitzen espekulazioa gaitzetsi nahi izan zuten, eta «auzoaren merkantilizazioak eta turistifikazioak» daukaten eragina salatu. «Auzokideen prekarizazioaren kontura aberasten jarraitzen duten bitartean, erantzun sozial antolatua izango dute aurrean», adierazi zuten.
Alameda Flats enpresarena da ekintzaileek okupatutako etxebizitza turistikoa; greba batzordearen arabera, beste 45 pisu turistiko ditu enpresa horrek Bilbon. Protestariek ordu batzuk egin zituzten etxearen barruan, eta pankartak zabaldu zituzten balkoietan. Hala ere, handik gutxira Ertzaintza agertu zen, ekintzaileak handik ateratzeko asmoz: «Operazio horrek berriro erakusten du Poliziak interes pribatuak babesten dituela». Azkenean, beren kabuz atera ziren etxetik, baina ohartarazi zuten egoera irauli ezean prest daudela aurrerantzean ere «jabe handien etxebizitzak okupatzeko».
Izan ere, greba batzordeak gogora ekarri du «Euskal Herriko langileek soldataren %60 baino gehiago» erabiltzen dutela etxebizitza ordaintzeko: «Azken urteetan, sektorearen merkantilizazioak etxebizitzaren gatazka areagotu du, eta soldatapeko lanarekiko mendekotasuna indartu». Nabarmendu dutenez, prozesu horretan langile auzoetan gero eta etxe gehiago pilatzen ari dira enpresa handiak, inbertsio funtsak eta bankuak. Baita Bilbon ere: «Alde Zaharrean etengabea da pisu turistikoen ugaritzea, eta bizilagunentzako alokairu duinak gutxitzen ari dira».
Era berean, ekintzaileek azpimarratu dute etxebizitzaren krisia «erabat lotuta» dagoela martxoaren 17an gutxieneko soldata propioaren alde deitutako greba orokorrarekin: «Langileentzat 1.500 euroko gutxieneko soldata ezarri behar da bizi baldintza duinak bermatzeko».