Bilbon emakume baten eta hiru adingaberen etxegabetzea gelditzea lortu dute

Udal Etxebizitzak erakundearen bizitoki batean daudela eta, familiaren egoera «erregularizatzeko» pausoak ematea eskatu diote udalari. Halako egoerek haurrengan dauzkaten ondorioak ere salatu dituzte: «Eragina du hezkuntza ibilbidean eta kalitatean».

AZETek eta Mujika eskolako familiek agerraldi jendetsua egin dute gaur Bilboko Santiago plazan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
AZETek eta Mujika eskolako familiek agerraldi jendetsua egin dute gaur Bilboko Santiago Plazan. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Maite Asensio Lozano.
2026ko azaroaren 6a
18:54
Entzun 00:00:00 00:00:00

AZET etxebizitza sindikatuak eta Bilboko Mujika eskolako familiek prentsaurreko bat iragarria zuten gaurko, etxetik kanporatzeko arriskuan zeuden emakume bati eta hiru semeei elkartasuna adierazteko eta erakundeei aterabide bat eskatzeko. Baina agerraldian albiste on bat eman dute azkenean: etxegabetzea behin-behinean geldiaraztea lortu dute. Dena den, halako egoerek umeengan dituzten ondorioak salatu dituzte: «Gure eskoletan gero eta haur gehiagok pairatzen dituzte basakeria honen ondorioak, eta horrek, noski, eragina dauka hezkuntza ibilbidean eta kalitatean».

Udal Etxebizitzak erakunde publikoak Atxuri auzoan duen etxe batean bizi dira Mamassa eta haren hiru semeak, 2, 6 eta 16 urtekoak. AZETek azaldu duenez, etxea senide baten izenean dago, eta ezin izan dute egoera hori zuzendu eta kontratuaren titulartasuna aldatu. «Bilboko Udalak ez du Mamassaren egoera aintzat hartu nahi izan, eta ez du pausorik eman benetako irtenbidea aurkitzeko». Hala, andrea eta umeak etxean geratu ahal izateko, beren egoera «erregularizatzeko» urratsak egiteko exijitu diote udalari.

Era berean, sindikatuak eta familiek gogora ekarri dute etxebizitzaren arazoa «gero eta gordinago» azaleratzen ari dela Euskal Herrian: «Gutxi batzuek oinarrizko behar material batekin negozioa egiten duten honetan, gero eta gehiago dira problematika horren ondorioak pairatzen dituzten familiak: alokairua eta hipoteka ordaintzeko gorriak ikusten dituztenak; alokairuari aurre egiteko lan baldintza onartezinetan daudenak; etxea galtzeko beldurrez etxejabeen gehiegikeriak jasan behar dituztenak; haien etxeak, auzoak eta herriak utzi behar dituztenak». Eta erakundeei egotzi diete horren konplize izatea: «Batetik, etxebizitzarekin negozioa egiteko modua ematen duten legeak eta neurriak diseinatzen eta babesten dituztelako; eta bestetik, espekulatzaile gisa jarduten dutelako, etxegabetzeak gauzatzeko makineria martxan jarriz».

Erantsi dute errealitate horrek bereziki kolpatzen dituela emakumeak eta pertsona migratu eta arrazializatuak. Baita umeak ere. Ildo horretan, eskolara begira jarri dira, etxebizitzaren auziaren eta hezkuntzaren bidegurutzera: «Ezin dugu bizikidetzaz, inklusioz, arrakastaz eta aukera berdintasunez hitz egin gure ikasleek bizi duten miseriari erreparatu barik. Ezin diegu galdetu nagusitan zer izan nahi duten, klase sozialaz, miseriaz eta injustiziaz hitz egiten ez badiegu. Hezkuntza komunitateak —irakasleek, zuzendaritzak, familiok— erantzukizuna dugu eta arazoari heldu behar diogu, elkarlanean eta elkartasunean oinarrituta».

Asteazkeneko greba orokorraren atarian, lanuzteetan eta mobilizazioetan parte hartzera deitu dute. Izan ere, AZETen eta eskolako familien arabera, etxebizitzaren arazoa ez da sendi batzuena, baizik eta gizarte osoarena: «Gure haurrei horma sendoak, teilatu seguruak eta leiho irekiak dituzten etxeak eta ikastetxeak zor dizkiegu».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA