Bilbon euskalgintza gehiago eta euskalgintzan Bilbo gehiago

30 urte beteko ditu etzi Bilboko Kafe Antzokiak. Zenbat Gara elkartearen eskutik sortu zen, baina euskararen aldeko estrategia zabalago baten parte da. Euskalgintzan Bilbori leku zentralagoa eskaintzeko asmoz, azpiegitura berri bat prestatzen ari dira.

Bilboko Kafe Antzokiak 30 urte beteko ditu astelehenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Bilboko Kafe Antzokiak 30 urte beteko ditu astelehenean. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Inigo Astiz
Bilbo
2025eko abenduaren 13a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Astelehenean beteko dira 30 urte Bilboko Kafe Antzokia ireki zenetik, baina urteurrenaren kandelarekin itsutu beharrean, hari eusten dion izozmendi osoa azaleratzeko baliatu nahi izan dute aukera Eider Del Canto, Eider Cortezon eta Jabi Zabala Zenbat Gara elkarteko kideek. Done Bikendi kaleko eraikina ez baita emanaldi areto edo jatetxe soil bat, Bilbon euskararen alde eragiteko estrategia zabalago baten parte bat baizik, eta, beraz, konstelazio moduko bat osatzen baitu Gabriel Aresti euskaltegiarekin, Bilbo Hiria irratiarekin, gazteentzako aisialdia eskaintzako sortutako Kurkuluxetan taldearekin, Erroa argitaletxearekin, Gazteola gazteen aisialdi taldearekin eta Algara konpartsarekin batera. Eta azaldu dutenez, ospakizun bat ez ezik, oraindik ere egiteko geratzen den lanaren oroitarazle bat ere bada urteurrena. Agian, azken hori batez ere. Hain zuzen, azpiegitura berri bat prestatzen ari dira, eta euskalgintzako beste eragileekin elkarlanean ari dira hura diseinatzen.

«Kezka soziolinguistiko batetik abiatu zen dena», azaldu du Zabalak. «Zu ari zara fabrikatzen euskaldunak, baina muntatze kate hori amaitzen da halako hutsune edo amildegi batean, eta hortik behera jausten dira denak, hortik aurrera jadanik ez dagoelako sarerik eta Bilbon ez dagoelako nola euskaldun izaten jarraitu modu normal batean». Eta, hain zuzen ere, euskaldun horientzako testuinguru euskaldun bat sortzen saiatzea izan da erronka. «Erorketa hori leuntzeko sare bat sortuz joan gara urteekin».

1978an jarri zuten martxan Gabriel Aresti euskaltegia, eta hori izan zen guztiaren hazia. Handik sortu zen Zenbat Gara elkartea, eta haziz joan da proiektua geroztik. Ikasleak euskaran murgiltzeko aukera izan zezaten etxe bat erosi zuten Bakaikun (Nafarroa) 1990ean. Algara konpartsa heldu zen 1994an. Eta gero heldu zen Kafe Antzokia, Bilboko Abando auzoko Done Bikendi kalean. Bertako parrokiarekin epe luzeko alokairu kontratua sinatu, eta bertan jarri zituzten Kafe Antzokia eta Gabriel Aresti euskaltegia: San Vicente zinema izandakoetan lehena, eta eskola izandako eraikinean euskaltegia, bai eta Zenbat Gara-ren gainerako egitasmoentzako bulegoak ere.

«Bilbo epizentroa da ekonomiaren alorrean, baina, euskalgintzaren ikuspegitik, Bilbok irradiatzeko duen gaitasun hori baliatu nahi dugu, eta, jende gehiagorengana hel dadin, euskalgintza ere Bilbora begira jarri nahi dugu»

JABI ZABALA Zenbat Gara elkarteko kidea

«Argi ikusten genuen erreferentzia fisiko bat behar zela», gogoratu du Zabalak. «Leku bat behar zen euskaldunak biltzeko. Bestela, argi ikusten genuen euskara ikasleak nola ateratzen ziren euskaltegitik eta ez zutela norekin hitz egin». Eta, hiru hamarkadaren buruan, orain hurrengo jauziaren atarian daude.

Zenbat Gara elkarteko kideak, urrian egindako topaketa batean. ZENBAT GARA
Zenbat Gara elkarteko kideak, urrian egindako topaketa batean. ZENBAT GARA

«Nazio mailako egituretan parte hartzen dugu, baina ikusten dugu euskalgintza ez dagoela Bilbora begira», azaldu du Zabalak. Eta hori dute orain erronka, dioenez. «Epizentroa da gauza askotarako, demagun ekonomiaren alorrean, baina, euskalgintzaren ikuspegitik, Bilbok irradiatzeko duen gaitasun hori baliatu nahi dugu eta, jende gehiagorengana hel dadin, euskalgintza ere Bilbora begira jarri nahi dugu». Eta hori laguntzeko urratsak egitea da orain asmoa. «Bilbon euskalgintza gehiago nahi dugu, eta euskalgintzan Bilbo gehiago».

Euskaldun sakabanatuak

2021ean egin zuten VII. Ikerketa Soziolinguistikoaren arabera, 103.631 euskaldun bizi dira Bilbon egun, eta, kopuru hori handia dela onartu arren, Zenbat Gara elkartekoen hitzetan, «oso sakabanatuta» bizi dira euskaldun horiek hirian. «Hori da Bilboren handicapetako bat», onartu du Zabalak. Eta, hain zuzen ere, horri aurre egitea izan da elkartearen asmoa. «Gutako askok auzoz auzoko mugimendu eta elkarteetan ere militatzen dugu», onartu du Cortezonek, «eta hori saretzen ere saiatzen gara».

Eta baikor dira puntu horretan. «Azkenaldion sortu da lehen ez zegoen koordinazio bat Bilboko euskalgintzan, ezinegon eta hausnarketa partekatuak daudelako; hor dago Guka egitasmoa, besteak beste, eta hor gaude gu ere».

«Gutako askok auzoz auzoko mugimendu eta elkarteetan ere militatzen dugu, eta hori saretzen ere saiatzen gara»

EIDER CORTEZON Zenbat Gara-ko kidea

Baina euskara Bilboren erdigunera ere eraman nahi zutelako jarri zuten Kafe Antzokia egun dagoen lekuan. «Mugarri bat izan zen hori Bilboko bizitzan», aipatu du Del Cantok. «Oso-oso pentsatuta egon zen hiriaren erdigunera joatearena». Eta, irribarre txiki batekin, gogoratu du antzokiak justu ateak ireki aurretik zabaldu zuen lan eskaintza. «100 lanpostu berritarako deialdia. Zenbat Gara kultur elkarteko partaideek eta Gabriel Aresti euskaltegiko ikasleek lehentasuna izango dute. Ezinbestekotzat hartuko dira: euskaraz jakitea eta lanbidea ezagutzea. Kontuan hartuko dira: frantsesa eta espainola menperatzea, eta intsumisoa izatea».

Eider del Canto, Eider Cortezon eta Jabi Zabala Zenbat Gara elkarteko kideak. IÑIGO ASTIZ
Eider del Canto, Eider Cortezon eta Jabi Zabala Zenbat Gara elkarteko kideak. IÑIGO ASTIZ

Egun 2.000 ikasle inguru ditu euskaltegiak, eta Euskal Herriko euskaltegirik handiena izango dela kalkulatzen dute Zenbat Gara elkarteko kideek. Eta ikasle horiei guztiei euskaraz aritu ahal izateko gune bat eskaintzen die Kafe Antzokiak. Gogoratu dutenez, antzokiaren eta euskaltegiaren bueltako egitasmoetako lantalde osoa, egun ere, euskalduna delako.

Oldarraldiaren gaineko kezka

«Bilbo basamortua da euskaldunarentzat». Erdal ozeano batean, eurena euskal tanta bat baino ez dela aipatu du Zabalak, halere. Areago, diotenez, euskararen kontra garatutako eredua da Bilbokoa. «Hizkuntza eskubideak teorikoak dira, baina eguneroko funtzioak euskaraz betetzeko oztopoak baino ez ditugu. Euskalgintzan kontziente gara egungo hiri ereduak gero eta bazterrekoago izatera garamatzala. Guk zera eskatzen dugu, egun espainieraz bizitzea normala den bezala, euskara normala izatea hirian; hau da, berdintasuna: zinema, eskola kirola, merkataritza… Hor ikusten dugu ekitaldi handien hiri eredua bultzatzen ari dela, baina euskararik gabe, euskararik gabeko (beste) hiri europar bat».

 Datua ere eman dute. Bilbok oraindik ez duelako euskararen udal ordenantzarik. Eta, Zenbat Gara-ko kideen hitzetan, «larria» da hori.

«Ez daukagu erakundeen babesik, eta korrontearen kontra aritzen gara». Del Cantok eman du azalpena. «Bilboko erdigunean ezin zelako euskaraz bizi jarri genuen hau martxan, eta 30 urte pasatu dira, eta berdintsu gabiltza. Eta lehen ikusten ez genuen euskararen kontrako jarrera bat ere ikusten dugu orain». Hain zuzen ere, euskararen aurkako oldarraldiak kezka pizten diela onartu dute Zenbat Gara elkarteko kideek. «Azkenaldiko epaien eta euskararen aurkako diskurtsoen bitartez euskara inposatzen ari direla zabaltzen ari dira, eta badirudi gazteleraz eta frantsesez jakitera ez dela behartzen, hori naturala eta berezkoa balitz bezala». Cortezonek ere baietz: «Erdalduntze makina indar betean ari da». Eta Zabalak erremate grafikoa: «Euskaltegian lanean ari gara gu, eta jendea euskalduntzen dugu, baina botila bat betetzen ari gara azpian zulo bat daukana. Estatus honekin ezin da aurrera egin, eta, gainera, [euskarak] egun duen estatusa urratzen ari dela ikusten dugu».

«Belaunaldi berri hori badago eta dagoeneko ari da lanean. Oso garrantzitsua da errelebo hori eginez joatea, eta pentsatzen dut etorkizunean honek martxan jarraituko duela, espero dezagun, Bilbo apurtxo bat euskaldunago batean»

EIDER DEL CANTO Zenbat Gara-ko kidea

Soluzioa? «Ganorazko euskarazko politikak», argi Cortezonek. «Baina horretarako borondate politiko sendoa behar da», Del Cantok, «eta bitartean jarraitu egingo dugu, ze euskaldunak tematiak gara, baina joera hori aldatu ezean, ez dakit noraino helduko garen».

Euskaltegiko irakaslea da Cortezon, Bilbo Hiria-ko kazetaria Zabala, eta idazkaritzan aritzen da Del Canto. Kafe Antzokia jadanik martxan zela batu ziren taldera hirurak, baina badira jadanik bi hamarkada horretaz, eta, diotenez, eurak baino gazteago diren lankidez inguratuta ikusten dute euren burua. «30 urte barru belaunaldi berri bat egongo da hemen», azaldu du Del Cantok. «Belaunaldi berri hori badago, eta dagoeneko ari da lanean. Oso garrantzitsua da errelebo hori eginez joatea, eta pentsatzen dut etorkizunean honek martxan jarraituko duela, espero dezagun, Bilbo apurtxo bat euskaldunago batean, euskaraz bizitzen».

Mikel Urbeltz Kafe Antzokiko kidea. BERRIA
Mikel Urbeltz Kafe Antzokiko kidea. BERRIA

«Euskal artisten emanaldiek lehentasuna dute gure programazioan»

Ospakizunaren atarian dabil Bilboko Kafe Antzokia egunotan. Zenbat Gara elkartearen eskutik hasi zituen lehen urratsak, eta unibertso zabalago horren parte izanik ere, bere burua kudeatzen du egun. Mikel Urbeltz da haren martxa zaintzen duen taldearen kideetako bat.

Zer garrantzi izan du Bilboko Kafe Antzokiak kulturgintzan?

Kafe Antzokiaren garrantzia euskal komunitatearen trinkotzean datza. Euskaldunok gure kultura eta hizkuntza indartzeko espazio moduan sortu zen, ekosistema propio eta, beraz, osasuntsuago bat berreraikitzeko nahian. Horretarako, programazio zabal bat egiten dugu, baina ez bakarrik artisten emanaldiekin, garrantzi handia ematen diogu-eta parte hartzailea den kultur ekintzari ere, hau da, herritarrok bizi eta konpartitzen dugunari. Horrek saretzen ditu herritarrak, eta saretzen gaitu. Hori dela eta, elkarrekin egiten ditugun saioen artean honako hauek ditugu: kantak, dantzak, umeen jolasak, edo helduenak gaueko aisialdian. Eta horietan denetan euskal musikak garrantzi handia du.

Zer eman die antzokiak euskal sortzaileei 30 urteotan?

Sorreratik beretik argi genuen Kafe Antzokiak euskal artistentzat plaza izan behar duela. Haien sorkuntzak herritarrak elikatzen ditu, eta berrindartu egiten du euskaldunen atxikimendua. Hori dela eta, euskal artisten emanaldiek lehentasuna dute gure programazioan, eta haientzat erreferentziazko areto bilakatu da urteetako elkarlanaren ondorioz. Gainera, munduari irekirik den leiho bat ere bada Kafe Antzokia, eta, horregatik, atzerrian egiten dena gurean ezagutarazteko, beste herrietako artistei lekua egiten zaie. Nazioarteko biretarako ere erreferentziazko areto bilakatua da aspaldi. 

Zein erronka dituzue aurrean?

Etorkizuna azken 30 urteetako aldaketek baldintzatzen dute: globalizazioak, aldaketa teknologikoek, sare sozialek, belaunaldi aldaketek, musika estilo berriek… Horiek ez dira bat-batean gertatu, noski; urteetan aldaketetara moldatu gara, beti euskal kultura eta euskara oinarri. Aldaketak aldaketa, molde berriak gure onurarako erabiltzea da erronka, euskaldunen mesederako. Indartsu gaude hurrengo 30 urteetarako!

OSPAKIZUN PROGRAMA

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.