ezker abertzalea

Bilbon izango da Sorturen kongresua, larunbatean

Zohardia txostena eta Kontseilu Nazionala osatuko dituzte Euskalduna jauregiko biltzarrean. Orduan amaituko dute "birfundaziorako" prozesua.

Sorturen "birfundazio" prozesuaren hasierako nazio batzarra, iazko uztailaren 2an, Gasteizen, Europa jauregian. JUANAN RUIZ, ARGAZKI PRESS
enekoitz esnaola
2017ko urtarrilaren 16a
17:43
Entzun

Datorren larunbatean amaituko du Sortuk "birfundaziorako" prozesua, Bilbon kongresua eginda. Euskalduna jauregian izango da, 10:30etik aurrera; 13:30ak aldera bukatzea aurreikusten du.

Zohardia txostenari —%91ko babesa jaso zuen— 919 zuzenketa partzial aurkeztu dizkiote kongresurako izena emandakoek, eta biltzarraren lantaldeak hamalau zuzenketa pasatu ditu bozketara. Ostiraleko gauerdira arte bozkatu ahal izango dira. Txostena osatuko dute, beraz, "euskal jendarteari Sorturen konpromisoaren eta hurrengo urteetarako zehaztutako erronka politikoaren berri emateko", alderdiak gaur ohar baten bidez esan duenez.

Zuzenketa partzial batek proposatu du "euskal errepublika" izendatu beharrean "errepublika eusko-nafarra" izendatzea. Beste batek dio Sortuk, Euskal Herri independente, sozialista, feminista eta euskalduna lortzeko helburua izateaz gain, "ekologista" ere aipatu behar duela. Beste zuzenketa batzuk: "Sorturi kuota ordaintzea Sortzaileen borondatezko aukera izango da"; "Sorturen zuzendaritza nazionaletan herrialde eta errealitate guztiak parekidetasunez ordezkatuak egotea bermatuko da"; "egituraren berritze eta freskatze iraunkorra bermatu zein behartze aldera, liberazioen iraupenari muga jarriko zaio: zortzi urtekoa"; "herrialde mailako erreferendumak antolatzeko aukera izango da, herrialdeko Sortuguneen %35ek eskatuz gero"; "Sorturen zuzendaritzetan inoiz ez egotea %60tik gorako gizon eta %40tik beherako emakume portzentajerik".

Alderdiaren Kontseilu Nazionala osatzeko bozkatzen ere ari dira. 29 lagun egongo dira zuzendaritza nagusian, eta duela ia bi hilabetetik hamalau hautatuta daude: Arnaldo Otegi, Arkaitz Rodriguez, Sonia Jacinto, Pello Otxandiano, Miren Zabaleta… Ostiral gauerdira artean beste hamabostak aukeratzeko botoa eman dezakete kongresurako izena eman dutenek; 37 hautagai daude. Ordura artean eman daiteke izena.

Sortuk esan izan du bi helburu dituela "birfundazioarekin": Euskal Herrian prozesu subiranista eta independentista abiatzeko baldintzak ereitea, eta dinamika hori pizteko ezker abertzalea eraberritzea. Iazko uztailaren 2an hasi zuten prozesua, Abian ezker abertzaleko eztabaida estrategikoa bukatu ostean.

Bilboko kongresuan nazioarteko 40 alderdi baino gehiagotako kideak izango dira.

Biltzarra 12:00etatik aurrera streaming bidez ikusi ahal izango da.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.