Bildarratzek esan du Hezkuntza Legea «bideratuta» dagoela

Sailburuak espero du eskola garraioarekin dagoen arazoa «oso azkar» konpontzea. Hezkuntza Sailaren arabera, zerbitzu guztiak eman dituzte Gipuzkoan; %60 inguru Araban; eta %10 Bizkaian.

Jokin Bildarratz Txomin Aresti eskolan, joan den astean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2023ko irailaren 11
11:42
Entzun 00:00:0000:00:00

Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak legealdiko lege garrantzitsuenetako bat izan du hizpide: Hezkuntza Lege berriaz aritu da Onda Vasca irratian. Haren esanetan, legea «bideratuta» dago, eta espero du EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren babesarekin onartzea.

Prozesuaren nondik norakoen berri ere eman du sailburuak. Azaldu duenez, lege proiektua Eusko Legebiltzarraren esku dago, jadanik «azken faseetan». Eta, haren esanetan, badaude «zumeak» EAJren, PSE-EEren eta EH Bilduren babesarekin onartzeko. Hala izango balitz, gogorarazi du legebiltzarkideen %80k babestuko luketela.

Garraioaren gatazaka

Legeaz ez ezik, garraio enpresekin dituzten arazoez ere mintzatu da. Espero du gatazka «oso azkar» konponduko dela, eta nabarmendu du garraiolariek bete beharra daukatela Eusko Jaurlaritzaren agindua. Azaldu duenez, enpresei gastu erreala eta %6 gehiago ordainduko diete eta ezin dutela esan ez direla gastuak ordaintzera iristen. Eta kritika egin du: «Ezin dut ulertu enpresa batzuek familiak bahitu gisa erabiltzea».

Bitartean, garraio enpresek zerbitzua ez ematea erabaki izana ari da ondorioak izaten. Zuhatzako (Araba) Etxaurren ikastolan, adibidez, gaur haurrak eskolara ez eramatea erabaki dute. Bihar berriz, umeak gurasoek eramango dituzte ikastetxera, baina protesta egingo dute sarreran. Hezkuntza Sailak BERRIAri emmandako datuen arabera, zerbitzu guztiak eman dituzte Gipuzkoan; %60 inguru Araban; eta %10 Bizkaian.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.