Duela urtebete egin bezala, oraingoan ere bilera sail batekin hasi du EH Bilduk urte politikoa. Xedea ere duela urtebete ezarritakoaren antzekoa da: Herrialde Katalanetako eta Galiziako indar subiranistekin eta Espainiako ezker konfederalarekin egoeraren azterketa egitea eta «lankidetza eremu posibleak» lantzea. Hala, BNGrekin izandako bileran, bi alderdiek orain arteko elkarlanean sakontzearen alde egin dute, Espainiako Estatuaren nazio aniztasuna defendatu eta «mehatxu autoritarioari» aurre egiteko.
Iazko uztailean, EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik adierazi zuen «fase bat» bukatu zela Madrilen, eta berri bati ekiteko asmoa azaldu zuen; besteak beste, estatu eredu alternatibo baten inguruan aritzera dei eginez. Hala abiatu zuen bilera saila udako etenaren ostean, eta oraingoak ere norabide bera du.
Hain zuzen, koalizioak ohar batean azaldu duenez, bilera sortan xedea da Espainiako Estatuko «egoera politiko korapilatsua» aztertzea, nazioarteko «testuinguru ezegonkorraren» gaineko hausnarketen berri elkarri ematea eta «lankidetza eremu posibleak» lantzea.
Bide horretan, BNG bidelagun izan dezake koalizio subiranistak. Bi aldeek sinatutako ohar batean, kezka azaldu dute «bloke atzerakoiaren mehatxu autoritarioa gero eta handiagoa» delako. Izan ere, bi alderdi subiranisten esanetan, mehatxu horrek zuzenean eragiten die Euskal Herriari eta Galiziari, eta bi herri horien «eskubide politiko eta sozialak arriskuan» jar ditzake.
Horiek horrela, bi alderdiek elkarlanean aritzeko asmoa azaldu dute, «mehatxu faxistaren gorakada gelditzeko». Espainiako egoerari begira, helburuen artean kokatu dute Espainiako Estatua «plurinazionala eta eleaniztuna» dela aitortzeko urratsak egitea. Nazioarteko egoerari dagokionez, berriz, nabarmentzen ari den «agenda autoritarioari» eta «giro belizistari» erreparatu diote, eta horri aurre egiteko elkarlanaren beharra nabarmendu.
Hain zuzen, gogoratu dute EH Bilduren eta BNGren aliantza ez dela berria, orain arteko «elkarlanerako eta kolaboraziorako dinamika historikoarekin» jarraituko dutela.
EH Bilduren ordezkaritza Arnaldo Otegi idazkari nagusiak berak zuzendu du, eta harekin izan dira Sonia Jacinto Antolakuntza idazkaria eta Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetako idazkari eta Espainiako Senatuko eleduna. Mahaiaren beste aldean, BNGko Nazioarteko Arloko arduradun eta Galiziako Parlamentuko presidenteorde Montse Prado; alderdiko Antolakuntza idazkari Lucia Lopez; eta Erakunde Arloaren koordinatzaile eta Espainiako Kongresuko diputatu Nestor Rego.