Kezka bat suma daiteke airean, etsipenetik hurbil, egungo abagune politiko konplexuari lotuta, garai zail hauek bustita. Baina itxaropenerako mezua eman nahi izan zuen atzo EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik, Bilbon, Askatasun haizea leloari jarraitu zioten milaka lagunen aurrean. «Arrakastazko esperientzia politikotzat» jo zuen koalizioa; «herria siglen gainetik» jartzen duela iritzi zion, eta faxismoari eta autoritarismoari aurre egiteko eredu bat baduela. Beraz, eskua luzatu zien Euskal Herriko eragile politiko, sindikal eta sozialei: «Faxismoari eta autoritarismoari aurre egiteko eta Euskal Herriaren eraikuntza nazional eta soziala bultzatzeko, konpromiso politiko eta instituzional guztiak hartzeko prest gaituzue».
Manifestazio jendetsua egin zuen EH Bilduk berriz ere. 30.000 pertsona inguru batu zituen Bilbon, jada tradizio bihurtzeko bidean den azaroko mobilizazio handian. 17:30 pasatuak zirela abiatu zen martxa Casillatik. Pankartan, EH Bilduko kargudunak: Nerea Kortajarena, Gorka Elejabarrieta, Oskar Matute, Sonia Jacinto, Pello Otxandiano, Arnaldo Otegi, Laura Aznal, Eba Blanco eta Arkaitz Rodriguez; eta haiekin batera, Txomin Casteigts EH Baiko zuzendaritzako kidea.
Ohi bezala, Zabalbururako bidean, ehunka herritar egon ziren espaloietan manifestazioaren zain, txaloka, eskuetan lazo zuri, berde eta gorriak zituztela. Oro har, isilean joan zen martxa, baina izan ziren «independentzia» zioten aldarri batzuk, baita euskal presoak etxeratzearen aldekoak ere. Zabalburura iristean geldialdi bat egin zuten hedabideentzat, bertako argazkian antzematen baita mobilizazioa zenbatekoa den: Autonomia kalea bete zuen berriro EH Bilduk. Eta urrunean, jendetzaren amaiera aldera, emakumezko miliziano baten irudi erraldoia, andreek faxismoaren aurka egindako borrokaren sinbolo.
Memoriak gidatuta
Memoriak pisu nabarmena izan zuen atzoko manifestazioaren deialdian, eta hala islatu zen ibilbidean ere, hainbat une hunkigarri izan baitziren. Abiatu eta berehala, frankismoko azken bost fusilatuak omendu zituzten, gitarrak eta kantua lagun; izan ere, aurten bete dira 50 urte frankismoak Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi erail zituenetik. Zabalburun, berriz, Santi Brouarden eta Josu Muguruzaren irudiak proiektatu zituzten eraikin batean —asteon bete dira 41 eta 36 urte hil zituztenetik—, Lepoan hartu ta segi aurrera kantaren doinuan. Hurtado Amezagan gazteen jarduna txalotu zuten, grafiti bat marrazten zuten bitartean. Eta Plaza Biribilean, azkenik, Palestinako komunitateko kideak izan zituzten zain, banderak airean; orduan entzun ziren aldarririk ozenenak: «Palestina askatu!».
Memoriak hartu zituen, era berean, Arnaldo Otegiren mintzaldiaren lehen hitzak, manifestazioa Bilboko udaletxera iritsita. Frankismoaren azken urteetan eta trantsizioaren hasieran errepresio politikoaren ondorioz hildakoak gogoan izan zituen, eta besarkada berezia bidali zien Txiki eta Otaegirekin batera fusilatutako FRAPeko hiru kideen senideei, haietako batzuk Bilbon izan baitziren atzo. «75ean erregimenak argi utzi zuen zein muga izango zituen erreformak. Trantsizioko arauak faltsututa daude: espainiar supremazismoa, kapitalismoa eta frankismoa sostengatu zituztenen zigorgabetasuna sendotu zuten. Horiek dira aldatu behar ditugun arauak», adierazi zuen. EH Bilduko kideen alboan izan ziren atzoko mobilizazioan ERC, CUP, Junts, BNG, Compromis, Mes per Mallorca, Podemos, Comuns, Mas Madrid eta Kataluniako Komunistak alderdietako ordezkariak.
Kezkak eta aukerak
Baina egungo garai historikoa ere «zorrotz» interpretatzera deitu zuen Otegik. «Kezkatzeko arrazoiak eta arriskuak» badirela aitortuta ere «aurrera egiteko aukera» ikusten du eta. EH Bilduko buruaren hitzetan, Euskal Herria «herri antolatua» da, eta badaki nola egin behar zaien kontra faxismoari eta autoritarismoari: «Kolektiboki, era diziplinatuan, kolpatutako sektore guztiak ahaldunduz, eta leku guztietatik erantzunez». Ildo horretan, fronte zabalak eratzearen aldeko jarrera berretsi zuen: «Batzen eta biderkatzen duen ezkerra gara, ez kentzen eta banatzen duena».
«Gure esku badago, ez da inon eskuin muturreko gobernurik egongo: ez Parisen, ez Madrilen, ez Euskal Herrian»
ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia
Otegik adierazi zuen EH Bildu lehen indar politikoa dela Euskal Herrian, eta posizio horrek dakarren «ardura politikoa» aintzat hartuta mintzatu zen, «koherentzia politikoz», eta «ekidistantziarik eta anbiguotasunik gabe»: «Gure esku badago, ez da inon eskuin muturreko gobernurik egongo: ez Parisen, ez Madrilen, ez Euskal Herrian. Eta ez dugu desberdintzen PPren eta Voxen artean, bloke erreakzionario beraren parte baitira».
Baikor aritu zen Otegi, itxaropentsu: «Herri honek irabazi egingo du», esan zuen amaieran. Baina justu aurretik, ohartarazpen kutsua izan zuen eskaera bat egin zuen, Antonio Gramsci komunista italiarra ahotan hartuta: «Trebatu eta prestatu, zuen inteligentzia guztia behar dugulako. Konprometitu, zuen kemen guztia behar dugulako. Eta antolatu, zuen indar guztia behar dugulako».
«Oso pozik gaude»
Atzoko mobilizazioaren balorazioa Arkaitz Rodriguez EH Bilduko Ekintza Politikoko idazkariak egin du gaur goizean. Esan du oso pozik daudela «beste behin ere herri honek erantzun duelako egoerak eskatzen duen tamainan»: «Argi geratu da hemen badela herri bat mobilizatzen dena, eta balore antifaxista sakonak eta argiak dituena».
Nabarmendu du EH Bilduk badakiela hori, eta horregatik berretsi du koalizioa «behar den guztia egiteko prest» dagoela PPk eta Voxek «ez gobernurik ez bestelako botere kuotarik eskura ez dezaten».
«Sinestezina egiten zaigu EAJk eta PSE-EEk PPrekin akordioak egin nahi izatea», adierazi du, besteak beste, Arartekoaren izendapenari erreferentzia eginez. «Akordio horiek herri honen agindu demokratikoaren eta balio hegemonikoen aurka doaz».