Mikel Manzisidor legelaria izango da EAEko arartekoa aurrerantzean

EAJk eta PSE-EEk akordioa egin dute PPrekin. EH Bilduk gobernuko taldeei galdetu die ea zergatik egin duten akordio hori, eta «zeren truke».

Mikel Manzisidor, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Mikel Manzisidor, artxiboko irudi batean. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
Olatz Silva Rodrigo.
2025eko urriaren 31
13:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Mikel Manzisidor legelaria izango da Euskal Autonomia Erkidegoko arartekoa hemendik aurrera, ekainean Manu Lezertuak karguari uko egin ondoren. EAJk eta PSE-EEk Manzisidorren hautagaitza erregistratu zuten joan den astean Eusko Legebiltzarrean. PPrekin akordioa lortuta, aurrerantzean Manzisidor izango da herritarren defendatzailea.

Arartekoa aukeratzeko, beharrezkoa da Eusko Legebiltzarraren hiru bostenen babesa izatea; 45 legebiltzarkiderena, hain zuzen. Hortaz, gobernuko taldeek oposizioko talderen baten babesa behar zuten. EH Bilduk esana zuen ez zuela hautagaitza hori babestuko. Eta alderdi popularrarekin egin dute akordioa; hortaz, gutxienez 46 boto izango ditu Manzisidorren hautagaitzak.

Bilbokoa da Manzisidor, Zuzenbidean lizentziaduna Deustuko Unibertsitatean eta Nazioarteko Harremanetan doktorea Genevako Diplomazia Eskolan. 2004tik 2014ra Unesco etxearen zuzendari izan zen. 2020an Eusko Ikaskuntza-Laboral Kutxa Humanitate, Kultura, Arte eta Gizarte Zientzien Saria eman zioten, «giza eskubideen arloan duen proiekzio eta eragin globala» argudiatuta.

EAJren eta PSE-EEren asmoa da urtea amaitu baino lehen egitea izendapena, osoko bilkura batean. Proposamen horren bidez, «arartekoaren adostasuna eta independentzia indartu» nahi dute, «funtsezko figura baita euskal herritarren eskubide eta askatasunen defentsan». Hautagaitza aurkeztu zutenean, EAJk adierazi zuen legebiltzarreko edozein taldek egin ahalko zuela bat Manzisidorrekin, «bere ibilbide profesionalagatik, soslai akademikoagatik eta neutraltasun politikoa adierazten duelako».

Hain justu, neutraltasunaren auziak sortu du desadostasun gehien. Proposamenaren berri izan zutenean, EH Bilduk adierazi zuen Arartekoak bermatu beharko lukeela «erakundeak eskatzen duen neutraltasun politikoa eta independentzia». Euskalduna izatea ere bazen baldintzetako bat, eta ez du betetzen. Horrez gain, koalizio abertzaleak aipatu zuen emakume bat proposatu izana hobetsiko zutela.

EH Bilduk Lezertuaren hautagaitza babestu zuen 2021ean, kudeaketa «on» eta «independenteagatik». Oraingo hautagaitza, berriz, ez dute babestuko.

«Akordio iluna»

Akordioa jakinarazi berritan, Arkaitz Rodriguez EH Bilduko legebiltzarkide eta ekintza politikoko idazkariak salatu du EAJk eta PSE-EEk «akordio ilun bat» egin dutela PPrekin. «Euskal gizartearen gehiengo zabala bezalaxe, ezin sinetsita gaude nola den posible hori», azpimarratu du.

Rodriguezen hitzetan, gobernuko taldeek erantzun bat zor diote euskal gizarteari: «Hemen galdera da zergatik hitzartu duten arartekoa, zer eta euskal herritarren eskubideen defendatzailea, norekin eta PPrekin, eskubide eta askatasunen inboluzio bat ezartzeko mehatxu egiten diguten horiekin». Rodriguezek adierazi duenez, azaldu beharko dute, halaber, «zeren truke» hitzartu duten arartekoa.

EH Bilduk bost hautagai jarri zituen mahai gainean, legebiltzarkideak gogoratu duenez. Horietatik bi emakumeak. Hala ere, salatu du EAJk eta PSE-EEk erabaki dutela «ihes egitea hiru familia politiko nagusien arteko akordio» bati, eta akordioa PPrekin egin dutela: «Dena delako arrazoiarengatik EAJk eta PSE-EEk PPrekin hitzartzea erabaki dute, herri honen autogobernua, instituzioak eta identitatea bera ezabatzeko mehatxu egiten ari zaizkigun horiekin».

Oraindik akordiorik ez zegoenean, alderdi popularrak adierazi zuen arartekoak «arazoak konpontzeko erakunde hurbil eta eraginkorra» izan behar zuela aurrerantzean ere, eta erakundeak «neutrala eta gardena» izan behar zuela.

Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean, Javier de Andres EAEko Alderdi Popularreko presidenteak esan du «pertsona baten inguruko» akordioa dela, «alderdien arteko akordio bat baino gehiago». Manzisidorren ibilbidea goraipatu du De Andresek, eta esan haren soslaia «oso ondo egokitzen» dela arartekoaren lanera. Era berean, adierazi duenez, espero duela erakundeak «Lezertuarekin bezain ondo» funtzionatuko duela hemendik aurrera ere. «Normalean bat ez gatozen hiru talderen arteko akordioa da; geure artean ez dago elkartzeko bokazio berezirik. EAJrekin harremanak izatea ez da erraza, PSE-EErekin duen ituna dela eta», zehaztu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.