Bildu: «PSNko zuzendaritzak ez digu telefonorik hartu ere egin»

Bakartxo Ruizek esan du bilerak egin dituztela Lizarrako eta beste udal batzuetako PSNko hautagaiekin

joxerra senar
Iruñea
2011ko ekainaren 3a
00:00
Entzun
«Nafarroako jendartearekin itundutakoa betetzeko ahalegina eginen dugu azken unera arte». UPN boteretik atera eta gobernu alternatiboa osatzeko aukera oso urrun egon arren, Bilduk ez du etsi nahi. Maiorga Ramirez eta Bakartxo Ruiz Bilduko Parlamentuko hautagaiek badakite oraindik ere PSNk «bere esku» duela aldaketari ateak irekitzeko aukera. Bi hautagaiek nabarmendu dute EAEn PSE-EEk bilerak egin dituela Bildurekin eta gai zehatz batzuetan ados jartzeko aukera aztertu dutela: «Hemen, berriz, zuzendaritzak ez digu telefonorik hartu ere egin».

Nahiz eta Parlamentura begira PSNk ez duen Bilduren deirik jaso, udal arloan bi aldeen artean elkarrizketak daudela aitortu dute Ruizek eta Ramirezek. Lizarran eta Iruñerriko eta Nafarroa erdialdeko udaletako PSNko kideekin bilerak izan dituzte, eta udal gobernuak osatzen diren egunean, ekainaren 11n, ikusiko da zer emaitza ekartzen duten.

PSOEko arduradunek Bilduren botorik ez onartzeko jarrera azaldu dute egunotan, eta Maiorga Ramirezek espero du irizpide horiek ez baldintzatzea PSN: «Barcinak gobernatu ahal izatea ez luke Madrilen esku egon behar». Ramirezek azpimarratu du Bilduren botoak bakerako bermea direla, eta, Ruizen arabera, gogoeta hori egin behar lukete beste alderdiek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.