EH Bilduk 2026an ere neurri sozialei eustea hitzartu du Espainiako Gobernuarekin

Indarrean jarraituko dute etxegabetzeko eta oinarrizko zerbitzuak eteteko debekuek.

Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramailea Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin, aurtengo ekainean. EFE
Mertxe Aizpurua EH Bilduren Espainiako Kongresuko bozeramailea Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidentearekin, aurtengo ekainean. EFE
jakes goikoetxea
2025eko abenduaren 22a
10:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Beste bizitokirik ez duten familia zaurgarriak etxegabetzea debekatzea; oinarrizko zerbitzuak —argindarra, ura eta gasa— etetea debekatzea; eta argindarraren bonu sozialari eustea. Hiru neurri horiek bertan behera geratu behar zuten abenduaren 31n, baina EH Bilduk Espainiako Gobernuarekin hitzartu du indarrean izango direla 2026. urte guztian ere. Espainiako Gobernuko Ministroen Kontseiluak datozen egunetan onartuko du neurri sozialei buruzko dekretu bat, eta neurri horien artean egongo dira gutxienez hiru horiek. Biharko Ministroen Kontseiluan izan daiteke.

Mertxe Aizpurua Espainiako Kongresuko EH Bilduren bozeramaileak nabarmendu du «gehiengo sozialak eta hainbat kolektibok» aspalditik eskatzen zituzten neurriak direla, eta «ziurtasuna eta lasaitasuna» eskainiko diela zailtasun ekonomikoak dituzten dozenaka milaka pertsonari eta familiari. «Horietako asko ezagutzen ditugu», ohartarazi du Oskar Matute EH Bilduko Espainiako Kongresuko diputatuak, Bilbon egindako agerraldi batean. «Neurri horiek oinarrizko babesa dira, gaur egun inoiz baino beharrezkoagoak».

Kongresuaren gehiengoa

Espainiako Gobernuak dekretua onartuta ere, dekretu horrek Espainiako Kongresuko gehiengoaren babesa behar du aurrera ateratzeko. Horrek ez du Matute kezkatzen. Gogoratu du aurtengo urtarrilean ere onartu zela oso antzeko dekretu bat, eta espero du urtarrilean onartu zutenek orain ere hala egingo dutela: «Espero dugu zentzuz jokatuko dutela».

Neurri sozialek indarrean jarraitzea «lan diskretuaren eta etengabearen» eta «negoziazio gogorren» emaitza dela azaldu du koalizioak. «Akordio honen bidez, berriro ere ekintzekin erakutsi dugu zer borondate daukagun euskal herritarren eta estatuko eta bertako herrietako langileen bizi baldintzak hobetzeko», baloratu du Aizpuruak. «Pozik gaude», gehitu du Matutek. «Batzuen lokatz, irain eta mehatxuetatik urrun, EH Bilduk lanean jarraitzen du euskal herritarren bizi baldintzak hobetzeko».  

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.