«Politika publikoetan salto kualitatibo bat egitea eta lurraldeak dituen erronka nagusiei aurre hartzea». Helburu hori betetzeko asmoz, EH Bilduk 52,3 milioi euroren aldaketak proposatu ditu Gipuzkoako aurrekontuetarako. Foru gobernua osatzen duten alderdiek —EAJk eta PSE-EEk— oposizioko talde baten babesa behar dute aurrekontuak aurrera ateratzeko, eta indar subiranista prest azaldu da harekin negoziatzeko.
EH Bilduk zazpi arlotan banatu ditu bere proposamenak: zaintza, sustapen ekonomikoa, euskara, garraioa, trantsizio energetikoa, tokiko elikadura eta etxebizitza.
Zaintza arloak du pisurik handiena. EH Bilduk 24 milioi euroren neurriak aurkeztu ditu. Horietatik zazpi milioi euro zerbitzuen ordainketa partekatuan murrizketak ezartzeko eta «unibertsaltasunera hurbiltzeko» baliatu nahi dituzte; bestalde, zortzi milioi euro jarri nahi dituzte udalerriak etxez etxeko zerbitzua indartzen laguntzeko, funts berezi baten bidez; eta lau milioi mendekotasunen balorazioa egiteko denbora laburtzeko eta prozesu hori aldundiak bere gain hartzeko.
Ekonomia sustatzeko neurrietan, 4,2 milioi euroko inbertsioa egitea proposatu du EH Bilduk, batez ere enpresa txiki eta ertainak eta autonomoak laguntzeko, I+G+Brako eta «talentua errotzeko» neurrien bidez eta eskualdeetako garapen agentziak indartuz.
Euskararen arlorako aurrekontua, berriz, 2,12 milioi euro handitzea nahi du. Zehazki: milioi bat euro haur eta nerabeen aisialdia osorik euskaraz izateko; beste milioi bat, «euskara harrera hizkuntza izateko baldintzak jartzeko»; eta beste 120.000 euro UEMA Udalerri Euskaldunen Mankomunitateari diru laguntza handitzeko.
EH Bildu aurrekontuak negoziatzeko prest azaldu da, baina foru gobernuari ohartarazi dio «herri akordioak egiteko garaia» dela, «eta ez indar politiko atzerakoien edo erresidualen eskutik norabiderik gabeko urratsak egiteko, aritmetika hutsari erreparatuta». Iaz, PPren babesarekin onartu zituzten Gipuzkoako aurrekontuak.