Bilboko Forum Europan hitzaldia eman du gaur EH Bilduko Kongresurako Bizkaiko zerrendaburu Oskar Matutek, eta han jakinarazi du ezen, azaroaren 29ko Espainiako Gorteetarako hauteskundeen ondoren, koalizio subiranistak Kongresura eramango duela asteon ganberak atzera botako duen etxebizitza dekretuaren edukia. Etxebizitza dekretu bi aurrera atera ezinda, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak bozetara deitzea erabaki zuen urrian, eta asteon horietako bat onartuko du Kongresuko Batzorde Iraunkorrak, baina ez bigarrena, EAJk iragarri batitu haren aurka egingo duela.
Hain zuzen, bigarren dekretu horretan jasotako neurri batzuk berreskuratuko ditu EH Bilduk, bozen ondoren, berriro Kongresura eramateko. «Asteon, eskuindarrek atzera botako dute alokairuen luzapen automatikoa; bada, eduki hori onartzea proposatuko dugu, eta etxebizitzak espekulatzeko erostea galaraztea, putre funtsei eta enpresa eta jabe handiei erosketa debekatuz, baita eraikin osoak erostea debekatuz ere, betiere ez bada salneurri indizeei loturiko arauzko alokairuak ezartzeko». Matutek esan du «etxebizitzaren funtzio soziala bermatu» beharra dagoela, eta azaldutako neurriak «urrats batzuk» direla xede hori lortzeko bidean.
EH Bilduko hautagaiak koalizioaren proposamen gehiagoren berri eman du. Esaterako, jakinarazi du nahi dutela energia enpresek, petrolioarekin aritzen direnek eta banaketa enpresek hartzea «beren gain ekoizpen prezioen igoera eta oinarrizko zerbitzuen kostua», «euren mozkin erraldoien bidez». Modu horretan, inflazioaren faktura hori ez lukete kontsumitzaileek ordaindu beharko, hau da, herritarrek, Matutek esan duenez.
Eredua dago jokoan
Batera edo bestera, Bizkaiko zerrendaburuak EH Bildu sendo bat nahi du Kongresuan, «horrek berekin dakarrelako langileek, gazteek, emakumeek eta pentsiodunek eskubide gehiago izatea».
Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak aurkeztu du Matute Bilboko ekitaldian. Otegik nabarmendu egin du aspaldi honetan koalizioa plazaratzen ari den ideia bat: azaroaren 29ko hauteskundeak ez dira boz normalak. «Eredua dago jokoan: eredu autoritario batera goazen, ala eredu plurinazional eta progresista batera».
Horretaz gain, Idurre Bideguren koalizioak Senaturako aurkeztu duen Bizkaiko zerrendaburua ere aritu da Bilboko Forum Europan. Hark azpimarratu du indar subiranistak beharrezkoak izango direla berriro gehiengo progresista bat osatzeko, eta EH Bilduk nahi duela «inoiz baino erabakigarriagoa izan», indarrez bultzatu ahal izateko gobernu progresista bat, «gobernu horrek eman ditzan orain arte ausartu ez den pausoak ematera».