EH Bilduk Araban ordezkaririk gabe utzi nahi du «bloke erreakzionarioa»

Koalizio subiranistak A-29rako Arabako hautagaiak aurkeztu ditu Gasteizen, eta gogorarazi du koalizio horrek lortzen duen indarrak «aparteko saria» izango duela: PP eta Vox eserlekurik gabe geratzea lurralde horretan.

Mikel Otero Gasteizen egindako ekitaldi batean, aurten. RAUL BOGAJO
Mikel Otero Gasteizen egindako ekitaldi batean, aurten. RAUL BOGAJO
xabier martin
2026ko azaroaren 6a
13:30
Entzun 00:00:00 00:00:00

Azaroaren 29ko hauteskundeek emaitzek lau ordezkari banatuko dituzte Araban, eta, inkesten arabera, zaila da PPk ez lortzea horietako bat, baina EH Bilduk helburu bat jarri du lurralde horretan: PPk eta Voxek ez lortzea ordezkaririk. Hala esan du Mikel Otero EH Bilduko Arabako zerrendaburuak gaur. «Berriro diogu, datozen hauteskundeetan, EH Bilduren balioa bikoitza da. Bloke erreakzioarioa gelditzeko balio du eta eskubideetan aurrera egiteko balio du. Arabako kasuan, gainera, gain-saria dago. PP eta Vox ordezkaritzarik gabe uzteko aukera dago», ziurtatu du, koalizioak A-29rako Arabako hautagaiak aurkezteko ekitaldian, Gasteizen.

Araban soilik lau diputatu aukeratzen dituzte, eta azken bozetan izan zen banaketa aldatzeko, lurraldeko lau indar nagusietako batek beste baten boto kopurua halako bi beharko luke. Soziometroak, baina, ez du halakorik aurreikusten, eta 2023ko ordena berean kokatu ditu: Alderdi Sozialistak botoen %27,9 eskuratuko ditu(+0,2); EH Bilduk, %23,7 (+4,2); PPk, %19,7 (+2); eta EAJk, %15,1 (-1,5).

Alderdi horiek guztiek ekitaldi politikoak dituzte gaur eta bihar, Araban. Denek bermatu nahi dute lurralde horretan eserleku bat behintzat aterako dutela, eta PSE-EEk eta EH Bilduk bi ordezkari lortzeko moduan egon nahiko lukete. EAJk, berriz, Arabako ordezkariari eutsi nahi dio. Hain zuzen, gaur arratsaldean aurkeztuko dituzte jeltzaleek Arabako euren hautagaiak. Ekitaldi horretan izango dira Arabako zerrendaburu Gorka Urtaran  eta Senaturako zerrendaburu Saray Zarate. Hautagaiekin batera ariko da Jone Berriozabal ABB Araba Buru Batzarreko presidentea. PSE-EEk biharko utzi du Gasteizen egingo duen ekitaldi politikoa. Mugikortasunaren inguruko jardunaldi batean ariko dira Javier Hurtado sozialisten Arabako zerrendaburua eta alderdiko idazkari nagusi Eneko Andueza.

Otero eta eskubide sozialak

Gaur goizean, berriz, Oterok azaldu du «bloke erreakzionarioak» akordioa egin duela Senatuan ordezkaritza lortzeko, Araban jasoko dituzten botoei esker. Bada, EH Bilduko hautagaiak esan du koalizioko Senaturako hautagai Josu Estarrona ordezkaritza lortzeak PP-VOX blokea Senatutik kanpo utziko lukeela. Oterok nabarmendu du EH Bilduk ez duela betetzen ez dituen promesarik egiten. Eskubideen arloan koalizio subiranistaren «lorpen batzuk» ekarri ditu gogora: «Pentsioen igoera, etxebizitzan hartutako neurriak, mendekotasun legea, ezkutu soziala, gutxiengo soldataren igoera edota bankuei eta energiari ezarritako zergak».  Hala, Oterok helarazi du «hobekuntza nabarmena» egon den lekuetan egon dela EH Bildu: «Eskubide sozialen hedapenean, lan baldintzen babesan, klima-aldaketaren aurkako borrokan edota emakumeen eskubideen babesean». Horrez gain, gogoratu du EH Bilduk ere Arabako interes zehatzak defendatu dituela; trenbidea, lehen sektorea —bereziki ardogintza—, Trebiñu, Martxoak 3 eta Tubacex eta Tubos Reunidosen enplegua aipatu ditu.

Josu Estarrona Senaturako zerrendaburuak, berriz, azpimarratu du EH Bilduk «erantzukizun historikoarekin» egingo diela aurre hauteskundeei. «Historia ez dagoelako gure erabakietatik kanpo. Anbizio guztiarekin aurkeztuko gara Araban, irabaztera aterako gara, eta bloke erreakzionarioa minimo historikoetan uztera ere bai», nabarmendu du. Indar egin du ideia berean, nazioateari begira jarrita: «Historia guk ere idazten dugu. Brasildik irakaspen garrantzitsua iritsi zaigu Lulak Bolsonaro garaituta. Eta hor daude baita ere Vucics, Orbáns, Netanyahu eta Trumps erreakzionarioek izan dituzten porrotak».

EH Bildu eta EAJ «Sanchez dira»

PPk Madrilgo buruzagiengana jo du Araban kanpaina egiteko, ofizialki hasi ez den arren. Cuca Gamarra alderdiko idazkariordea Arabako Errioxan egon da, Guardian, eta PPko Kongresurako Arabako zerrendaburu Iñaki Oiarzabal eta Senaturako zerrendaburu Dani Garcia hantxe izan dira harekin. EH Bilduri eta EAJri gogor eraso egin die Gamarrak, eta horiei botoa ematea Pedro Sanchezi ematea dela ziurtatu du. «Haren bazkide lehialenak izan dira. Ez dute bazterrean utzi inoiz ere». Erantsi du azaroaren 29ko bozen ostean, PSOEri babesa ematen jarraitzea dutela helburu alderdi abertzaleek: «Sanchez gehiago, hori dira».

Gamarrak PPrentzako botoa eskatu du, «Sanchezen ustelkeria gera dadin, eta aldaketa iritsi dadin». PPko buruak esan du asko dagoela jokoan, «Araban jendeak lan egiten baitu aberastasuna sortzeko». Goiz jaikitzearen balioari buruz hitz egiten jarraitu du Gamarrak, azalduz horrela iristen dela jendea euren gastuei aurre egitera.

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA