EH Bilduk «ausardia» eskatu dio Sanchezi, agenda plurinazionalean eta estatuaren demokratizazioan sakontzeko

Koalizioko ordezkariak ERCko kideekin bildu dira, eta «estrategia bateratuan» sakontzeko konpromisoa azaldu dute. Elejabarrietak «gutxieneko demokratikoen programa bat» eskatu du, inbestidura blokeak aurrera egin dezan.

EH Bilduko eta ERCko ordezkariak, gaur goizean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
EH Bilduko eta ERCko ordezkariak, gaur goizean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko irailaren 16a
13:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk aurrera jarraitzen du Espainiako, Galiziako eta Herrialde Katalanetako alderdi ezkertiar eta abertzaleekin hasitako bilera errondarekin, eta bere bazkide nagusietako bat jaso du gaur koalizioaren Bilboko egoitzan: ERC. Bi taldeek «estrategia bateratua» indartzearen alde egin dute, helburu bikoitz batekin: «Independentziaren helburua lortzea eta ultraeskuinaren hazkundea geldiaraztea». Bide horretan, EH Bilduk beharrezko ikusten du «agenda plurinazionalean eta estatuaren demokratizazioan» sakontzea, eta horretarako «ausardia» eskatu dio Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuari ere.

Nazioarteko zein Espainiako Estatuko egoera du hizpide EH Bilduk urte politiko hasierako bilera errondan. Auzi horien inguruan, koalizio subiranistak eta ERCk antzeko ikuspegi bat dute. Batetik, kezka azaldu dute «olatu autoritario eta atzerakoiaren» aurrean, ideia horien hedapenak «herritarren baldintza nazional eta sozialetan» izan dezaketen eraginagatik.

Bestetik, eta oldarraldi horri aurre egiteko, beharrezko jo dute «balio demokratikoetan konprometituta» dauden mugimenduek indarrak batzea. Bide horretan, EH Bilduk eta ERCk euren arteko «lankidetza politiko eta estrategikoa» indartzeko asmoa dute: «Agendak partekatzeko, ekimenak koordinatzeko eta Euskal Herriko eta Kataluniako herrien interesen defentsan elkarlanean sakontzeko helburuarekin». Hor kokatu dute independentziara bidean elkarlanean aritzea ere. Izan ere, biek gogoratu dute Euskal Herria eta Katalunia «herri zapalduak» direla.

Goi mailako bilera izan da bien artekoa. EH Bilduren ordezkaritza Arnaldo Otegi idazkari nagusiak zuzendu du, eta harekin izan dira Sonia Jacinto Antolakuntza idazkaria eta Gorka Elejabarrieta Harreman idazkari eta senataria. ERCren izenean, berriz, Oriol Junqueras presidentea, Elisenda Alamany idazkari nagusia eta Oriol Lopez idazkari nagusiaren albokoa izan dira bilkuran.

«Anbizioa»

Bileraren aurretik, Elejabarrieta Herri Irratian izan da, eta ERCrekin izandako bilkuran hizpide izan dituzten zenbait gai jorratu ditu elkarrizketa batean. Espainiako politikagintzaren errealitateari so, Sanchezen inbestidura ahalbidetu zuten alderdien arteko «gutxieneko demokratikoen programa bat» defendatu du, oraindik lortzeko gai izan ez direna. «Errezeta litzateke bide bat adostea, gutxieneko programatiko bat adosten saiatzea». Hor kokatu ditu «agenda plurinazionala, estatuaren demokratizazioa, politika eta aurrerapen sozial esanguratsuak, eta benetan herritarrak kezkatzen dituzten auziak».

Horrek hurrengo legealdira begira mahai gainean dauden bi aukera posibleei erantzuteko balioko luke, Elejabarrietaren ustez. Sanchezek beste agintaldi bat egitea lortuko balu, «estatuaren demokratizazioan» sakontzen jarraitzeko lagungarri litzateke. Kontrara, PP eta Vox gobernura iritsiko balira, horiei aurre egiteko murru bezala balioko luke. Elejabarrietak bi aukerak jarri nahi izan ditu mahai gainean, haren hitzetan partida ez baita amaitu oraindik.

Horretarako, baina, EH Bilduko ordezkariek uste dute Espainiako Gobernuak aurrerapausoak eman behar dituela. Hain zuzen, EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen eledun Mertxe Aizpuruak Sanchezi «anbizioa» eskatu dio gaurko kontrol saioan, lan arloan zentratuta. Zehazki, «langile klasearen erosahalmena eta eskubidean berreskuratzeko» asmoz, exijitu dio neurriak hartzea gutxieneko soldata igotzeko, kaleratzeengatiko «bidezko» kalte ordainak berreskuratzeko, ordaindu gabeko aparteko orduekin amaitzeko eta lanaldiaren murrizketa bultzatzeko.

Zazpi mugimendu

EH Bildu biharko Eusko Legebiltzarreko politika orokorreko bilkurara begira badago, eta Pello Otxandiano eledunak mahai gainean jarri nahi dituen «zazpi mugimenduen» inguruko xehetasun gehiago eman ditu koalizioak. Otxandianok jada eman zion horien berri Imanol Pradales Eusko Jaurlaritzako lehendakariari, aurreko astean egindako bileran. Etxebizitza, Osakidetza, industria, klima eta trantsizio energetikoa, migrazio politika, adimen artifiziala, eta euskara eta hezkuntza dira jorratu nahi dituen auziak. Otxandianok «lankidetzaren» eta «adostasunen» aldeko mezua helaraziko du bilkuran, horiek «arnas luzeko transformazio prozesu koherenteak» bideratu ditzaketelakoan.

Hala nola, proposamen zehatzen artean dira etxebizitza publikoen promoziorako herri estrategia eztabaidatzeko batzorde misto bat eratzea, Osasun Itunaren Jarraipen Batzordean pertsonal politika aztertzea, industria arloko proiektu estrategikoak «aldagai objektibagarrien» bidez ezartzea, eta euskaraz ikastea «eskubide subjektibo» bihurtzea. 

 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA