EH Bilduk azalpenak eskatuko dizkio ahaldun nagusiari, Arabako suhiltzaileak Espainiako suteetan laguntzera ez bidaltzeko erabakia dela eta

Erabakiaren «benetako arrazoiak» zein diren ez argitzea leporatu dio koalizio abertzaleak Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari. EH Bilduren ustez, «zerbitzuaren egoera kaskarra» eta «langile falta nabarmena» daude atzean.

Suhiltzaile bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Suhiltzaile bat, artxiboko irudi batean. JON URBE / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko uztailaren 30a
10:20
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako foru suhiltzaileek ez dute laguntzarik bidali Madril, Avila eta Toledo aldean piztu diren suteak itzaltzeko. Erabaki horrek polemika piztu du, Hego Euskal Herrian laguntzarik bidali ez duen suhiltzaile erakunde bakarra baita Arabakoa. Arabako Foru Aldundiak lurralde historikoa sute arriskuan dela argudiatu zuen erabakia defendatzeko. Hainbat eragile politikoren arabera, ordea, erabakiak zerbitzuaren gabeziak ezkutatzen ditu.

Atzo ELA izan zen erabakia deitoratu zuena, eta gaur EH Bildu koalizioa batu zaie sindikatuaren kexei. Koalizio abertzalea bat dator ELAren diagnostikoarekin: erabakiaren atzean «zerbitzuaren egoera kaskarra» eta «langile falta nabarmena» daude. «Egitura operatiboaren faltan» da Arabako suhiltzaile zerbitzua, hala iritzi dio koalizio abertzaleak, ELAren kritikei oihartzun eginez. 

Hori dela eta, Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiari azalpenak eskatuko dizkiola adierazi du EH Bilduk, erabakiaren «benetako arrazoiak» zergatik «ezkutatu» dituen azal dezan. Abuztua jarduera gabeko hilabetea denez Batzar Nagusietan, EH Bilduk uda ondorengo lehen osoko bilkuran galdegingo dio ahaldun nagusiari aferari buruz, foru gobernuak koalizioarekin hitzartutako 36 langileko emendatzea bete dezala eskatzeko. Gainera, halako laguntza eskaeretarako protokolo bat ezartzeko ere eskatuko diote. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA