EH Bilduk bide emango die Gernika-Lumoko aurrekontuei, Gorroñorekin akordioa itxita

Koalizio subiranistak eta Gorroñoren Guztiontzako Herria plataformak itun bat egin dute, eta agintaldiko lehen aurrekontuak onartuko ditu udalak.

Jose Maria eta Iñaki Gorroño, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Jose Maria eta Iñaki Gorroño, artxiboko irudi batean. OSKAR MATXIN EDESA / FOKU
Iosu Alberdi.
2026ko urtarrilaren 9a
10:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk akordio bat erdietsi du Gernika-Lumoko (Bizkaia) alkate Jose Maria Gorroñoren Guztiontzako Herria plataformarekin, eta bide emango die udalaren 2026rako aurrekontuei. Koalizio subiranistak argudiatu du «blokeo eta ezegonkortasun instituzionalari» aurre egiteko hartu duela erabakia: «Keinu honen bidez, EH Bilduk beste behin ere herriaren interesak edozein kalkulu alderdikoiren gainetik jartzeko borondatea erakutsi du». Izan ere, udal gobernuak ez du lortu aurrekonturik onartzea agintaldia hasi zenetik.

Koalizioak ohar batean azaldu duenez, «udal politika moteltzen eta herritarren ongizaterako beharrezkoak diren proiektuak geldiarazten» ari zen egungo egoera, eta beharrezkoa zen hura «desblokeatzea». Horretarako, 820.000 euroren aldaketak adostu dituzte aurrekontu proiektuan. Zati handiena, 700.000 euro, Beheko Ibarrako lokala erosteko eta egokitzeko da. Hain zuzen, koalizioak nabarmendu du hauteskunde programan jasoak zituzten proposamenetako bat dela hori.

Halere, akordioaren xehetasunek baino garrantzi handiagoa hartu du hartara iristeko bideak. Hiru urte atzera eginda, 2023ko udal hauteskundeetan, EH Bilduren zerrendak bildu zuen boto gehien. Koalizio subiranistak sei eserleku eskuratu zituen, Gorroñoren Guztiontzako Herria plataformak beste horrenbeste —boz horietarako sortu zuen, aurrez EArekin, Bildurekin, eta EAJrekin koalizioan izan baitzen alkate—, eta EAJk bost. Halere, Gorroñok eskuratu zuen alkatetza, haren plataformaren eta jeltzaleen arteko itun bat zela medio.

Horiek hala, EH Bilduk EAJren gain jarri du egungo blokeo egoeraren zama. Koalizioaren arabera, gauza bakarra lortu nahi zuten jeltzaleek Gorroño babestuta: «EH Bilduk alkatetza har zezan eragoztea». Itun haren arabera, Gorroñok alkatetza utzi behar zuen, plataformako beste ordezkari baten mesedetan —Iñaki Gorroño, anaia—, baina ez zuen halakorik egin. Alkateak eta jeltzaleek elkarri egotzi zioten akordioa hautsi izana, eta ez zuen konponbiderik izan.

Urtea amaitu aurretik jarri zuten mahai gainean zentsura mozioaren aukera, eta bazirudien aurrera egin zezakeela. Urdaibaiko Guggenheimen auziak, baina, zapuztu egin zuen aukera oro. Koalizio subiranistak obraren inguruko galdeketa bat egitea defendatu zuen, baina El Correo-k EBBko iturriak aipatuz argitaratutakoaren arabera, jeltzaleek ez zuten museo berriaren kontrako politikari bat jarri nahi alkatetzan. «Mugimendu hark ez zion Gernika-Lumo gobernatzeko benetako interesari erantzuten, herritik kanpoko proiektu bat inposatzeko borondateari baizik, Guggenheim museoa Dalian eraikitzeari, alegia», adierazi du EH Bilduk gaur argitaratutako oharrean.

Hori guztia agintaldiko lehen urtean jazo zen. Ordutik, alderdien arteko akordio gutxi izan dira udalean, eta aurrekontuen inguruko bakar bat ere ez, orain arte. Koalizio subiranistak jeltzaleei egozten die errua, «zubi guztiak dinamitatzen» aritu direlakoan, eta «Sabin Etxeari begiratzeari uztea» exijitu die alderdi hartako zinegotziei.

Orain, ikusteko dago aurrekontu akordioak bestelako epe bat irekiko ote duen. Izan ere, EH Bilduk gogoratu du hura ez dela gobernu itun bat, «ezta egonkortasun akordio bat ere», aurrekontuak onartu eta egoera desblokeatzeko itun bat baizik.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.