EH Bilduk BNGrekin bilduta abiatuko du ezkerreko alderdiekin egin gura duen bilera sorta

Irail osoan luzatuko dira indar subiranistekin eta Espainiako ezker konfederalarekin egin nahi dituen bilerak.

EH Bilduk eta BNGk egindako bilera, iazko urrian, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
EH Bilduk eta BNGk egindako bilera, iazko urrian, Bilbon. MIGUEL TOÑA / EFE
xabier martin
2026ko irailaren 1a
16:42
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bildu indar subiranistekin eta Espainiako ezker konfederalekin bilduko da datozen asteetan, eta bihar bertan emango dio hasiera bilera sortari, BNG Galiziako Bloke Nazionalista Galiziarrarekin elkartuta.

Espainian indar handia hartu du «bloke atzerakoiak», koalizio abertzaleak azaldu duenez, eta «mehatxu autoritarioa» Espainiako egoera politikoa baldintzatzen ari da. Agertoki korapilatsu hori aztertzeko eta mundu mailako «testuinguru ziurgabearen inguruko hausnarketak partekatzeko» egingo dituzte bilera horiek EH Bilduk eta beste zenbait alderdik.

Koalizioak dio «elkarlanerako guneetan sakondu eta egoera aztertzeko» baliatuko dituztela enkontru horiek. BNGrekin egingo duten bilkura EH Bilduren Bilboko egoitzan izango da, bihar arratsaldean.

Arnaldo Otegi EH Bilduren idazkari nagusiak parte hartuko du Euskal Herriko ezker subiranisten izenean, baita Sonia Jacinto Antolakuntza idazkariak eta Gorka Elejabarrieta Harreman Politikoetarako idazkari eta Espainiako Senatuko bozeramaileak ere. BNGren izenean, berriz, batzorde exekutibo nazionaleko hiru kide izango dira: Montse Prado Cores Nazioarteko Saileko arduraduna eta Galiziako Parlamentuko presidenteordea, Nestor Rego Candamil Erakunde Arloko koordinatzailea eta Espainiako Kongresuko diputatua, eta Lucia Lopez Sobrado BNGko Antolakuntza idazkari nazionala.

Irailean egingo dituzte aldebiko bilerak, eta jarraipena emango diete aurreko urte politikoaren hasieran martxan jarritako «harreman politiko dinamikoei». Iaz ere egin zuten halako bilera sorta bat.

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA