EH Bilduk uste du emakumeen botoa erabakigarri izan daitekeela Espainiako Gorteetarako hauteskundeetan, eta Hego Euskal Herriko emakumeei dei egin die azaroaren 29an euren botoa ematera. «Ezinbestekoa eta funtsezkoa izango da bloke atzerakoia geldiarazteko, ez direla pasatuko esateko», adierazi du Eneka Maiz Kongresurako Nafarroako zerrendaburuak.
Koalizioko Emakumeen Gunea bildu du gaur goizean, Lakuntzan (Nafarroa), eta bilkuraren ostean egin ditu adierazpenak Maizek. Haren hitzetan, «bloke atzerakoia» gelditzeko ordua iritsi da, eta hor rol berezia izango dute emakumeek: «Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako emakumeak jabetuta gaude zein larria den egoera, eta garai historiko honek eskatzen duen mailan egongo gara».
Izan ere, Maizek kezka azaldu du PPk eta Voxek osatutako gobernu batek emakumeen eskubide eta askatasunetan izan ditzakeen ondorioekin. «Eskubideak murrizteko eta gure bizitzak eta gorputzak kontrolatzeko mehatxuak» agerikoak direla salatu du, eta horrek kolokan jar dezakeela azken urteetan «milaka emakumeren borrokari esker» irabazitakoa. «Ez dugu onartuko», esan du, ordea, segidan.
Hain zuzen, feminismoak berdintasunean aurrera egiteko izan duen rolari erreparatu dio, eta gehitu mugimendu horrek erakutsi duela batuta egoteak dakartzan onurak. Horregatik, bozei begira ere hala jokatzeko eskatu du: «EH Bilduko emakumeok oso argi dugu hauteskunde hauetan zer dagoen jokoan: zibilizazioa edo basakeria, aurrera edo atzera egitea». Eta dikotomia horretan, nabarmendu du koalizio subiranista «pertsona guztiek duintasunez bizitzeko eskubideen alde egiten duen bandoan» dagoela.