EH Bilduk entzute eta eztabaida proiektu «kolektibo handi bat» jarriko du martxan datozen hilabeteetan. Elkarrizketa nazionala deitu dio prozesu horri, eta zera izango du helburu: bide orri bat eratzea gaur egungo «garai historikoari» erantzuteko. Hala jakinarazi du Arnaldo Otegi koalizioaren idazkari nagusiak, gaur Donostiako Tabakaleran egindako konferentzia politikoan. Ekimena hartu, eta militanteak, eragile sozial nahiz politikoak eta erakundeetako ordezkariak bilduko ditu, erronkak identifikatu eta proposamenak zehazteko.
Izan ere, EH Bilduk uste du munduan ez ezik Euskal Herrian ere eraldaketa sakonak izaten ari direla, eraldaketa ekonomikoak, sozialak, teknologikoak eta ekologikoak. Eta iritzi dio egungo autogobernu ereduak ez direla gai horri erantzuteko. Otegik azpimarratu du koiuntura horrek «eskala handiko erreakzio bat» eskatzen duela: «beste bultzada bat, eraldaketa nazional berri bat». EH Bilduren idazkari nagusiak adierazi du, lehendakariak asteon politika orokorreko bilkuran esandakoa oroituz, larrialdi egoera bati ezin zaiola betiko politikekin erantzun.
«Herri honek aurrera egiten jakin du egoera zailetan, eta hala egingo du berriro. Baina, horretarako, lehenik eta behin, egungo egoerari ondo erreparatu behar diogu, eta gure herria nola dagoen zorrotz aztertu», esan du Otegik bere hitzartzean. «Asko hitz egiten da munduaz, AEBez, Europaz, Draghiz, Von der Leyenez, Lettaz, Espainiaz eta Kanariez... eta oso gutxi gure herriaz. Guk Euskal Herriaz, haren indarguneez eta ahuleziez hitz egitea proposatzen dugu, aurrez aurre begiratzea eta ondorioak kontuan hartuta jokatzea».
«Gaur egungo koiunturak erronka nazional historikoa planteatzen du, eta eskala handiko erreakzioa eskatzen du: beste bultzada bat, eraldaketa nazional berri bat»
ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia
Diagnostiko «zorrotz eta kolektibo bat» adostea da prozesuaren helburua, ondoren ahalik eta adostasun zabalena biltzen duen herri proiektu bat eraikitzeko, koordinatzaile nagusiak zehaztu duenez. Otegik nabarmendu du inoiz egin den ariketa «masiboena» egin asmo dutela, baina ñabartu du «apaltasun osoz» proposatu dutela: «Guk ez ditugu gauza guztiak ongi egiten, ez ditugu erantzun guztiak. Guk baditugu gureak, propioak, baina bidea gurekin egin nahi duten guztiekin partekatu nahi ditugu. Herritik herrira eta herriarekin: hori da egin nahi dugun ibilbidea, lasaitasun osoz, begirada sakonaz, konfiantza osoz».

Hiru dimentsio
Koalizioaren esanetan, helburua ez da soilik entzutea, baizik eta elkarrizketa sakon bat eragitea. Prozesu hori bideratzeko, EH Bilduren zuzendaritzak jarriko du abiapuntua: lau orritan laburbildutako oinarrizko diagnostiko bat proposatuko du, eta parte hartzaileen ekarpenekin osatuko dute gero. Horretarako, hiru mailatan egingo dituzte elkarrizketak, eta «hiru dimentsio» izango ditu prozesuak, beraz: tokikoa, nazionala eta «aditu-instituzionala». Funtzio eta helburu ezberdinak izango ditu bakoitzak.
Tokiko mahaietan «gizarte eragileak, erreferentziazko pertsonak eta herritarrak» elkartuko dituzte, eta helburua izango dute zer gizarte mota eraikitzen ari den aztertzea. Dimentsio nazionalean, aldiz, Euskal Herriak erronka nazionalari aurre egiteko behar duen «jauzia» proiektatzea izango du xede, eragile nagusien eta «pertsona esanguratsuen» eskutik. Eta, azkenik, «jauzi» horrek eskatzen dituen politika publiko estrategikoak identifikatzea eta diseinatzea izango da adituen erronka.
«Elkarrizketa nazionala helmen handiko ariketa demokratikoa da, gure herriaren adimen kolektiboa aktibatu nahi duena», adierazi du Otegik. «Entzun, partekatu eta adostu nahi dugu, guztion artean bakarrik eraiki ahal izango dugulako herri proiektu sendo bat, eta, anbizioz eta lasaitasunez, aurrean ditugun erronka handiei erantzun ahal izango diegulako».