EH Bilduk «esperientzia eta ezagutza» uztartu ditu bere zerrendetan

Manuel Diaz de Rabago epaile ohia koalizioaren Gipuzkoako zerrendaren azken postuetan aurkeztuko da, Arnaldo Otegirekin eta Maddalen Iriarterekin batera.

EH BILDU
Diaz de Rabago —eskuinean—, EH Bilduk antolatutako ekitaldi batean, 2022an. JON URBE / FOKU
Iosu Alberdi.
2024ko otsailaren 16a
16:45
Entzun

Eusko Legebiltzarrerako hauteskundeetarako zerrendak asteburuan baieztatuko ditu EH Bilduk, orain irekita baitago koalizioko afiliatuek bozkatzeko epea. Halere, zerrenda horietan ageri diren zenbait izen jakinarazi dituzte, eta argudiatu dute estrategikotzat jotzen dituzten arloetan «esperientzia, sinesgarritasuna, ezagutza eta konpromisoa» uztartzeko helburua dagoela horien izendapenen oinarrian.

Koalizioak ezagutzera eman zituen lehen zerrendakideak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako zerrendaburuak izan ziren: Pello Otxandiano lehendakarigaia (Araba), Nerea Kortajarena Eusko Legebiltzarreko bozeramailea (Gipuzkoa) eta Ima Garrastatxu Durangoko alkate ohia (Bizkaia). Gaur, baina, zerrenden beste muturrei ere erreparatu die, eta izen aski ezagunak ageri dira horien artean.

Gipuzkoako zerrenda itxiko dutenak Arnaldo Otegi koalizioko koordinatzaile nagusia, Maddalen Iriarteko Gipuzkoako Batzar Nagusietako eleduna eta Manuel Diaz de Rabago epaile ohia izango dira. Azken horrek EH Bilduren aldeko botoa eskatu zuen iazko udal eta foru hauteskundeetan ere. Orduan, azaldu zuen hamar urte egin zituela bizkartzainekin, ETAren mehatxuen ondorioz. Halere, argudiatu zuen hori ez zela eragozpena, behin erakunde armatua deseginda, EH Bilduri babesa adierazteko.

Arabako eta Bizkaiko zerrenden azken postuetan ere aurpegi ezagunak ageri dira. Araban, Oiongo alkate Jose Manuel Villanueva, Arabako Batzar Nagusietako bozeramaile Eva Fernandez de Arroiabe eta Gasteizko Udaleko eledun Rocio Vitero aurkeztuko dira. Bizkaian, berriz, Batzar Nagusietako bozeramaile Iker Casanova, Bermeoko alkate Nadia Nemeh eta Jasone Agirre legebiltzarkidea.

Zerrenden azken postuetan egonik, horiek ez dute eserlekurik eskuratuko Eusko Legebiltzarrerako. Aukera izan dezakete, baina, martxan den legealdian Eusko Legebiltzarrean ari diren zenbait parlamentarik, hala nola Sortuko idazkari nagusi Arkaitz Rodriguezek eta EAko Eba Blancok. Era berean, zerrendetan ageri dira Mikel Otero, Itxaso Etxebarria, Oihana Etxebarrieta, Julen Arzuaga, Diana Urrea, Ikoitz Arrese, Lore Martinez, Rebeka Ubera eta Garikoitz Mujika.

Izan ere, koalizioaren esanetan, erronka handiei erantzun beharko zaie «ziklo politiko berrian», eta «gakotzat» jo dituzten arloetan aritu diren legebiltzarkideek horretan lanean jarraitzea nahi du. Hala, xedea da «esperientzia parlamentarioa, ezagutza eta arlo estrategikoetako sinesgarritasuna» bermatzea.

Helburu bera ezarri du EH Bilduk zerrendak osatzeko gainerako izendapenak egiteko ere. Izan ere, hiru lurraldeetako zerrendetan ageri dira ESK sindikatuko batzorde eragileko kide izandako Igor Mera, Itziar Murua hezkuntza alorreko profesionala, Josu Aztiria adimen artifizialaren arloko aditua, Ander Goikoetxea industria eta energia alorreko aditua, Xabi Luke ingeniaria, Igor Zulaika nazioarteko politikako aditua, Edurne Benito soziologoa eta Lamia Arcas abokatua.

Hala, koalizioak adierazi du digitalizazioaren, klima larrialdiafen, osasunaren, etxebizitzaren, krisi demografikoaren, hezkuntzaren eta industriaren erronkei erantzuteko «profil profesional berrien» alde egin duela. Azaldu dute horiek «euskal herritarren beharrei konponbideak» topatzeko lan egin dezaketela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.