EH Bilduk eta ERC Esquerra Republicana de Catalunyak Espainiako Senatuko koalizioa berritzea adostu dute azaroaren 29an egingo diren hauteskundeetarako. 2023ko Espainiako Senaturako hauteskundeetan ere elkarrekin aurkeztu ziren bi alderdiak, eta proposamena berretsi beharko dute datozen egunetan.
Bi alderdiek elkarrekin zabaldutako ohar batean azaldu dute «Euskal Herriaren eta Kataluniaren eskubide nazionalak defendatzeko, eskubide sozialak zabaltzeko eta bloke erreakzionarioari aurre egiteko» batu direla. Uste dute elkarlana izan dela erronkei aurre egiteko «biderik eraginkorrena», eta oroitu dute «maila eman eta erantzukizunez jokatu» behar dutela bloke erreakzionarioaren alternatiba sendo bat sortzeko.
Gainera, EH Bilduk azpimarratu du bien arteko batasunak «indartsuagoak» egin dituela azken legegintzaldian, eta gehitu du formula «baliagarria» izan dela «bi herrien eta gehiengo sozialen interesak defendatzeko».
EH Bilduk eta ERCk argi dute badagoela «partida» jokatzeko aukera azaroaren 29ko hauteskundeetan, eta «posible» dela irabaztea «estatuan bloke erreakzionarioa gobernura iristeak dakarren mehatxuaren aurrean». Hala ere, «partida» hori irabazteko uste dute «beharrezkoa» dela indarrak batzea eta herriek partekatzen dituzten helburuak lehenestea; «nazioen eskubideak erdigunean jarriz, herritarrei bizi baldintza duinak bermatuz eta etorkizuna erabakitzeko gaitasuna defendatuz».