«Memoriagatik, autoritarismoari aurre egiteko eta esperantzaren bandera altxatzeko», EH Bilduk milaka lagun elkartu nahi ditu azaroaren 22rako Bilbon antolatu duen manifestazio nazionalean, Askatasun haizea lelopean. Gaur, mobilizazio horri babesa emateko, agerraldia egin dute Gasteizen Arnaldo Otegi koalizioko idazkari nagusiak eta frankismoaren eta estatuaren hainbat biktimak.
Otegik gogorarazi du aurten bete direla 50 urte frankismoaren azken fusilamenduetatik, baita Francisco Franco diktadoreak Juan Carlos Borboikoa Espainiako errege izendatu zuenetik ere. Francok guztia «lotuta eta ondo lotuta» utzi zuela azpimarratu du, eta Franco bai baina frankismoa ez zela trantsizioan hil: «Ez zen hausturarik izan, eta horrek ekarri zuen modelo juridiko eta politikoak arazoak besterik ez dio ekarri Euskal Herriari».
«Azaroaren 22koa ez da siglak defendatzeko mobilizazio bat izango, baizik eta euskaldunek euren burua defendatzeko eta autoritarismoa bezalako mehatxuei aurre egiteko mobilizazio bat»
ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia
Orain 50 urte geroago berriz ere autoritarismoak eta neofaxismoak aurrera egiteko arriskua dagoela uste du Otegik, eta Espainiaren kasuan mehatxu horrek «proiektu autoritario inperialista baten» itxura hartzen duela. Horregatik, adierazi du Espainian badela orain «Euskal Herriak gizarte eta nazio auzietan aurrerapausoak emateko abagune bat», eta defendatu du beharrezkoa dela aukera hori baliatzea: «Espainian eta Frantzian azaleratzen ari diren bloke erreakzionarioak boterera heltzea eragotzi behar dugu».
Dena den, hori gertatuz gero prest egotea ere beharrezkoa dela esan, eta «EH Bilduren erara» aurre egitera dei egin du. «Faxismoari ezin zaio aurre egin inprobisazioz, indibidualismoz eta taktizismoz; faxismoari eta autoritarismoari modu estrategikoan egin behar zaie aurre», iritzi dio.
Herritar guztiei deia
EH Bilduk «herritarren gehiengo zabalak» osatu nahi ditu, uste baitu hori dela autoritarismoei aurre egiteko estrategiarik onena, «arduraz, mobilizazioaren eta antolakuntzaren bidez, eta proiektu politiko batekin».
Bide horretan, «herritar guztiei» eskatu die azaroaren 22ko manifestazioan parte hartzeko, «ez baita siglak defendatzeko mobilizazio bat izango, baizik eta euskaldunek euren burua defendatzeko eta autoritarismoa bezalako mehatxuei aurre egiteko mobilizazio bat». Otegik esplikatu du memoria kolektiboko ariketa bat egingo dutela Bilbon, argi uzteko «martxan dabilen herri bat» dela Euskal Herria, eta «mugarik gabeko etorkizun irekia» duela: «Herri honek bakarrik eraikiko du bere etorkizuna».

EH Bilduren Gasteizko egoitzan egin den ekitaldian, «herri baten historia emozioekin, datekin eta izen-abizenekin ere idazten da», esan du Otegik, eta eskerrak eman dizkie gaur han elkartu diren biktimei. Tartean izan dira Fermin Rodriguez German Rodriguezen anaia, martxoaren 3ko biktimen senideak, Olatz Etxabe Iñaki Etxaberen alaba, Edurne Brouard Santi Brouarden alaba, Ane Muguruza Josu Muguruzaren alaba, Axun Lasa Joxean Lasaren arreba, Enkar Blanco eta Martxelo Otamendi torturak jasandakoak, eta Rafa Isasi eta Maite Sanchez espetxe politikaren biktima izandakoak.
Luis Vera Sanchez-Bravoren gutun bat irakurri dute, non duela 50 urte frankismoak fusilatutako bere osaba Jose Luis Sanchez-Bravo Sollaren ibilbide antifrankista aldarrikatu duen. Gutunean dio frankismoa zuritzen duten edo urte haietaz nostalgiaz hitz egiten duten pertsonak existitzen diren bitartean ezinbestekoa dela borroka antifaxista: «Frankismoaren legatua haustea ez da atzera begiratzea: aurrera begiratzea da, duintasunez eta egiarekin».