EH Bilduko Ekintza Politikorako idazkari Arkaitz Rodriguezek azaldu du 2025aren amaieran esanahi politiko handiko hiru urteurren biribil izango direla: Txiki eta Otaegiren fusilamenduena, Francoren heriotzarena eta Juan Carlos Borboikoaren koroatzearena. Hiru gertakari horien 50. urteurrenak dira.
Udan koalizio subiranistak faxismoaren aurka egingo duen kanpainaren aurkezpenean egin ditu adierazpen horiek, Donostian. Kanpainaren amaiera Bilbon izango da, azaroaren 22an. EH Bilduk «manifestazio antifaxista» batera deitu ditu herritarrak.
Rodriguezek ohartarazi du «internazional erreakzionarioa» hauspo handia jasotzen ari dela mundu osoan, eta «aurki» Frantziako eta Espainiako gobernuetara heltzeko arriskua dagoela. Bitartean, Euskal Herriaren nazio aitortzaren eta estatus politikoaren gaineko eztabaida zabalik dagoela gogoratu du: «Hego Euskal Herrian, estatus politiko berri baten gaineko adostasun batean parte hartzera deituak leudekeen indar politiko guztiak ados dira orain dela garaia prozesu politiko-instituzionala abian jartzeko».
Testuinguru horretan abiatuko du udan EH Bilduk faxismoaren aurkako kanpaina. Haren lehen helburua izango da «Euskal Herriaren nazio izaera eta burujabetza aldarrikatzea», Rodriguezek esan duenez. «Aldarrikatuko dugu Euskal Herria zazpi herrialdez osaturiko nazioa dela eta, nazioa den heinean, bere etorkizuna libre eta demokratikoki erabakitzeko eskubidea zor zaiola». Horrekin batera, koalizioak plazaratu nahi du «albait burujabetza handiena» eskuratu behar dela, «herri gisa ditugun erronka kolosalei arrakastaz aurre egin ahal izateko eta langileen aterpe izango den proiektu nazional justu, demokratiko eta berdinzale bat eraiki ahal izateko».
Faxismoaren biktimei omenaldia
Bigarren helburua izango dute azpimarratzea aukera dagoela «duela 50 urte frankismoak 'lotuta eta ondo lotuta' utzi zuen hori askatzeko». Horretarako, «Txikik eta Otaegik sustatu zuten ‘askatasun haizea’ hauspotzen jarraitu» behar dela erantsi du eledun bilkideak.
Beste helburu bat ere aipatu du Rodriguezek: «Faxismoaren biktimei omenaldi nazionala egitea, erresistentzia eta borroka antifaxistari gorazarre egitea eta antifaxismoa berrestea». Rodriguezek uste du faxismoaren biktima guztiak omenduko dituztela horrela: «Francoren estatu kolpe faxistaren eta ondorengo errepresio frankistaren 17.000 biktima, Txiki eta Otaegi eta FRAPeko hiru kideak, Santi Brouard, Josu Muguruza eta estatu terrorismoaren gainerako biktimak».
«Duela 50 urte, Euskal Herria erresistentzia foku antifaxista izan zen. Gaur egun ere, faxismoa hedatzen ari diren honetan, hala izaten jarraituko dugu»
ARKAITZ RODRIGUEZ EH Bilduko Ekintza Politikorako idazkaria
Horiek horrela, «berrespen nazional eta antifaxistako ekintza masiboak» egongo direla aurreikusi du. «Duela 50 urte Euskal Herria erresistentzia-foku antifaxista izan zen. Gaur egun ere, faxismoa hedatzen ari diren honetan, hala izaten izaten jarraituko dugu». EH Bilduko kideak herritarrei eskatu die «lehen lerroan» jarraitzeko, «utopiaren banderari eusten». Bandera horren barruan sartu ditu «askapen nazional eta soziala, eta berdinen Euskal Errepublika».