EH Bilduk etxebizitza publikoa sustatzeko funtsean zentratuko du aurrekontuen inguruko negoziazioa

D'Anjouk uste du iaz baino «zailtasun gehiago» daudela akordioak ixteko. PPk salatu du elkarrizketak ez dituztela ondo hasi, eta Sumarrek sailburuaren jarrera «hotza» kritikatu du.

EH Bilduko ordezkariek D'Anjourekin egindako bilera, gaur eguerdian. IREKIA
EH Bilduko ordezkariek D'Anjourekin egindako bilera, gaur eguerdian. IREKIA
Iosu Alberdi.
2025eko azaroaren 17a
15:15
Entzun 00:00:00 00:00:00

Bilera sorta hasi aurretik eman du abisua Noel d’Anjou Eusko Jaurlaritzako Ogasun eta Finantza sailburuak. Oposizioko alderdiei akordioetara iristeko «borondate erreal bat» ikusten ez badie, amaitutzat emango ditu 2026rako aurrekontuen inguruko elkarrizketak, bermatua baitu horiek aurrera aterako direla. Lehen elkarrizketen ostean, baina, agerian geratu da zer landu beharko duen EH Bildu itun horretan nahi badu: etxebizitza publikoa sustatzeko funts sozial bat. Halere, koalizio subiranistak uste du gobernua ez dagoela eurekin adosteko prest. Akordiotik urrun ikusten dute euren burua PPk eta Sumarrek ere. 

Gaur goizean bildu da D’Anjou EH Bilduko, PPko eta Sumarreko ordezkariekin —Vox bilera sortatik kanpo utzi du—, eta ekin aurretik jada aitortu du iaz baino «zailtasun gehiago» espero dituela negoziazioetan. Halere, sailburuak negoziatzeko prest ekin dio egunari, eta lehen bilera sorta hau «akordiorako  puntuak» topatzeko dela azaldu du. Horretarako, gainerakoei eskatu die «proposamen serio, errealista eta arduratsuak» aurkezteko.

Bere proposamenean zuzena izan da EH Bildu. Koalizioak Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erakunde nagusietarako egindako proposamen bateratuaren ildoari eutsi dio, eta etxebizitza sustatzeko funts publiko-pribatu baten eraketan zentratu da. Horretarako, Jaurlaritza 1.000 milioi euro zorpetu beharko litzateke, eta koalizioak uste du horrek beste 2.000 milioi euro erakarriko lituzkeela interes sozialeko erakunde pribatuetatik.

Egindako kalkuluen arabera, datorren hamarkadan 60.000 eta 80.000 etxebizitza artean sortu beharko lirateke eskariari «behar bezala» erantzuteko, eta  eskaintza «egungo eskariaren ahalmen ekonomikoetara» egokituz egin beharko litzateke hori. Kalkulatu dute 30.000 etxebizitzako eskaintza bat lor daitekeela etxe hutsak eta turistikoak mobilizatuz eta hiri nukleoak birdentsifikatuz gero. Horrez gain, 35.000 etxebizitzako parke publiko bat eraiki beharko litzateke. Horrek 3.240 milioi euroren kostua izango luke, EH Bilduren arabera.

Koalizioak uste du proposamenak bat egiten duela Eusko Jaurlaritzak Etxebizitzaren Gida Planean jasotakoarekin: etxebizitzarako aurrekontua BPGaren %1,5era handitzea. Hala dio, behintzat, D’Anjouri aurkeztutako dokumentuak.

Bileran izan diren kideek ez dute bertan jorratutakoaren baloraziorik egin, baina EH Bilduko idazkari nagusi Arnaldo Otegik aurrez azaldu du zer iritzi duen auziaren inguruan. ETB1en egindako elkarrizketan, adierazi du haien inpresioa dela EAJk eta PSE-EEk osatutako gobernuek ez dutela haiekin itunik egin nahi: «Erabakia da EH Bildurekin itunak ez egitea, pentsatzen dutelako horrek ez diela mesede egiten estrategia jakin batzuei». Eta horri lotuta, kritikatu egin du gobernuak aurrekontuak EH Bildurekin eta PPrekin negoziatzeko asmoa izatea, bi alderdien artean dagoen distantzia ideologikoari erreparatuta.

Hain zuzen, alde horri erreparatu dio PPko Laura Garridok ere, baina kontrako norabidean: «Gurekin bat ez datorren ezkerreko eredu baten fruitua da [aurrekontu proiektua]». Hala, «oso zail» ikusten du akordioa.

Hortik aurrera, Garridok ez du «negoziatzeko borondate handirik» sumatu D’Anjouren jarreran, hark ez baitio erantzun PPk urriaren 24an helarazi zion proposamenari: «Ez da bidea. Argi eta garbi, ez gara ondo hasi». Hartan, segurtasun eta osasun arloan egin du indar eskuineko alderdiak, baina diru kopuruen berri eman gabe; haien esanetan, negoziazioak «pribatuak» izan daitezen.

«Apurrik» ez

Sumarren eta Eusko Jaurlaritzaren artean ere arrakala nabaria da, eta ez da murriztuko «diru sailak jarri edo kenduz edo dirua mugituz». Alba Garcia Sumar Mugimenduko koordinatzaile nagusiaren esanetan, ez daude «apurrak» onartzeko prest: «Oinarrizko aldaketa estrukturalak eta begirada luzea behar dira». Hala, D’Anjouk zuzenketa proposamenak aztertu zain geratu badira ere, adierazi dute sailburuak jarrera «hotza» erakutsi duela haien inguruan.

Zehazki, 890 milioi euroren balioa duten bost zuzenketa proposatu dituzte. Etxebizitzaren auziari erantzuteko 205 milioi euroren aldaketak eskatu dituzte, parke publikoa handitu, alokairu soziala indartu eta etxebizitza hutsak mobilizatzeko. Horrez gain, zenbait proposamen egin dituzte oinarrizko errenta unibertsala bermatzeko plan pilotu bat garatzeko eta berrindustrializaziorako funts berde bat sortzeko; azken horrekin, 180 milioi euroren balioa luke, koalizioaren arabera.

Gaurkoak negoziazio bileren sortako lehen bilkurak izan dira, baina D’Anjouk jada abisatu du: ez du horiek askorik luzatzeko asmorik. «Eraginkorrak izan behar dugu negoziazioetan, eta ez erori negoziazioak denboran luzatzera eraman gaitzaketen dinamiketan». Eta akordioak posible ote diren egiaztatzeko «garai erabakigarria» zein izango den ere argi du: zuzenketak aurkezteko epea. Hain zuzen, alderdiek azaroaren 28ra arteko epea dute horretarako. Gero, abenduaren 9an egingo dute osoko zuzenketak bozkatzeko osoko bilkura, eta abenduaren 23an dokumentuaren gaineko behin betiko bozketa.

Oposizioaren babesik ezean, EAJren eta PSE-EEren aldeko botoekin onartuko dira 16.378 milioi euroren aurrekontuak. Alaitz Zabala jeltzaleak azaldu duenez, baina, mahai gainean dauden proposamenak aztertuko dituzte egunotan. «Elkarguneak» eta proposamen «eginezinak» ikusi dituzte, eta horiek «sakon»  aztertu nahi dituzte, «egingarriei» erantzuteko. Baldintzak ere ezarri ditu Susana Corcuera sozialistak: «Gobernu akordioa eta ezarritako helburu eta konpromisoetara iristeko bide orria dira gure marra gorria». Hala, esan du ez dutela onartuko aurrekontuak «irauli» ditzakeen proposamenik.

Oposizioaren zuzenketarik gabe

EAJk eta PSE-EEk adostutako Etxebizitzaren, Lurzoruaren eta Hirigintzaren Arloko Premiazko Neurriei Buruzko Lege proposamena oposizioko alderdien zuzenketarik gabe iritsiko da Eusko Legebiltzarreko osoko bilkurako bozketara. Gaur egin dute auziaren inguruko bilera batzorde txostengilean, eta gobernuko bi alderdiek euren zuzenketak soilik onartu dituzte. Hala, bazterrean geratu dira EH Bilduren, PPren eta Sumarren ehun zuzenketa baino gehiago. Azken proposamena hilaren 26an bozkatuko dute, eta asmoa da abenduaren 11n bozkatzea osoko bilkuran.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.