«Prezioak inoizko altuenak dira, eta etxebizitza da gaur egun herritarren kezka nagusia». Horren jakitun dago Pello Otxandiano EH Bilduko bozeramailea, eta «kontrolik ez duen etxebizitza merkatu honi» aurre egiteko esku-hartze politikak behar direla aldarrikatu du gaur. Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agendako sailburuak, berriz, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan urtean 10.000 etxebizitza eraikitzea babestu du, gaur egun eraikitzen diren 5.000 etxebizitzak halako bi.
Era batera edo bestera, gaia lehentasunezkoa da alderdi politiko guztien agendan. Hori dela eta, EH Bilduko zenbait ordezkari Hernanin (Gipuzkoa) bildu dira gaur, «etxebizitzaren arazo larriak» zer konponbide izan ditzakeen hausnartzeko.
Amaitutakoan, Otxandianok adierazi du beharrezkoa dela etxebizitza politika «ausart eta interbentzionista bat», merkatua kontrola galduta dagoelako. Hori erregulatzeko, beharrezkotzat jo du tentsio handiko guneak definitzea eta alokairuen prezioei mugak jartzeko beharrezko erreferentzia indizeak zehaztea —Arabak eta Bizkaiak ez dute indizerik oraindik—, baita etxebizitza publikoa sustatzea ere.
«Etxebizitza politika ausart eta interbentzionista bat beharrezkoa da merkatua kontrolatzeko»
PELLO OTXANDIANO EH Bilduko bozeramailea
Otxandianoren arabera, EH Bildu dagokion lana egiten ari da gobernatzen dituen herrietan, Eusko Jaurlaritzarekin elkarlanean. Esan du «erritmo onean» osatzen ari direla tentsio handiko eremu izendatutako herrietarako ekintza planak, eta identifikatu dituztela Jaurlaritzaren esku utziko dituzten lurrak, haietan etxebizitza babestuak eraikitzeko.
Dena den, salatu du Jaurlaritzak ez duela egoerak eskatzen duen moduko etxebizitza politikarik, eta, hein batean, hori PSE-EEk eta EAJk dituzten desadostasunen ondorio dela. Adibide bat jarri du: «Jaurlaritzak etxe jabe handien erregistro bat egin nahi du, baino horretarako foru ogasunek duten informazioa behar du, eta haiek ez dizkiete ematen katastroetako datuak».
Otxandianok jakinarazi du etxebizitzarena izango dela EH Bilduk larunbatean Burlatan egingo duen IV. Konferentzia Munizipalistako gai nagusia.
Urtean 10.000 etxebizitza
Itxasoren iritziz, «eskaintza arazo bat du» Euskal Herriak, etxebizitza publikoak ez direlako nahikoa «eskari gero eta handiago hau asetzeko», eta eraikitzen diren merkatu libreko etxebizitza «apurrak» ez direlako eskuragarriak gehienentzat.
Horregatik, sailburuak eraikuntza erritmoa bikoiztu eta urtean 10.000 etxebizitza eraikitzearen alde egin du, gaur egungo beharrei erantzuteko eta «azken urteetako defizitari» aurre egiteko: «2007. urtean 15.000 etxebizitza eraikitzen ziren Euskadin, eta orain kostata heltzen gara 5.000ra».
«Merkatuak bakarrik erregulatu behar du, baina kontua da zenbat denbora beharko duen horretarako»
DENIS ITXASO Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburua
Itxasok uste du eskaintza areagotuta helduko dela soluzioa: «Merkatuak bakarrik erregulatu behar du, baina kontua da zenbat denbora beharko duen horretarako, eta egin ditugun aldaketek fruituak eman bitartean zein r erantzun eskaintzen ditugun». Argi du arazoak baduela konponbidea, eta hori elkarlan publiko-pribatuari esker helduko dela.
Sailburuak ADYPE Euskadiko Zuzendari eta Profesionalen elkarteak antolatutako gosari batean hitz egin du gaiaz, Neinor Homes higiezinen konpainiako Borja Garcia-Egotxeagarekin eta Sukia eraikuntza enpresako Aitziber Sukiarekin batera. Haiek ere gehiago eraikitzearen alde egin dute, eta burokraziaren epeak murrizteko eskatu dute.