EH Bilduk «gabezia larriak» ikusten ditu Arabako Aldundiak baztertuta daudenentzat ezarriko duen gaueko arreta zerbitzuan

Aldundiak itunpeko hamalau toki lizitatu ditu zerbitzu hori emateko. EH Bilduk salatu du, ordea, zerbitzuan gizonezkoak soilik artatuko dituztela, eta ordutegia «murritzegia» dela.

 Etxegabe bat Gasteizen, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Etxegabe bat Gasteizen, artxiboko irudi batean. JUANAN RUIZ / FOKU
Peru Amorrortu Barrenetxea
2026ko abuztuaren 11
11:40
Entzun 00:00:00 00:00:00

Arabako Foru Aldundiak bere gain hartuko du bazterkeria egoeran daudenen gaueko arreta. Kalean lo egiten duten etxegabeak artatzea izango da zerbitzuaren helburu nagusietako bat. Zerbitzu hori emateko, itunpeko hamalau leku lizitatu ditu aldundiak. EH Bilduren ustez, ordea, «gabezia larriak» ditu zerbitzuak. Izan ere, gizonezkoentzat soilik da, Araban emakume ugari egonagatik egoera horretan. Gainera, ordutegiak «ez dira nahikoa», koalizio abertzaleak salatu duenez.

Oraindik ez da jakina non jarriko duten aldundiaren baliabide hori. Lizitazioa, ordea, abian da, eta, beraz, eman dute baldintzen berri. EH Bilduk deritzo bereziki kezkagarria dela baliabide hori gizonezkoentzat soilik izatea, «Gasteiz izanik kalean emakume gehien duen Euskal Herriko hiriburua». EH Bilduko batzarkide Claudia Wenceslaoren arabera, ez dute ulertzen baliabide hori nola sortuko den «emakumeak baztertuta», kontuan harturik ez zegoela aurreikusita zerbitzua gizonentzat soilik izatea.

Zerbitzuaren ordutegiak ere kritikatu ditu Wenceslaok. Gaueko zortzietatik goizeko bederatzietara bitartekoa izango da. Asteburuetan, berriz, goizeko hamarretara artekoa. Ordutegi horiek «arretarik gabeko ordu tarteak» sortzen dituzte, koalizioaren arabera, ez baitatoz bat bazterkeria jasaten dutenentzako eguneko zentroaren ordutegiekin. Bestalde, ez dute aurreikusten zerbitzuan gizarte langilerik izatea. 

«Gabezia» horiek konpontzeko asmoz, EH Bilduk ekinaldi bat erregistratuko du Arabako Batzar Nagusietan, zerbitzu berriak emakumeak arta ditzala bermatzeko, baita ordutegiak berrikusteko eta zerbitzuko lantaldeari gizarte langile bat gehitzeko ere. Arabako Batzar Nagusiak etenaldian dira abuztuan. Ekinaldia tramitatzeko, beraz, irailera arte itxaron beharko da, gutxienez. 

Aukeratu BERRIA gogoko iturri gisa Googlen. Aktibatu hemen

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA