EH Bilduk gazteei dei egin die «etsipenarekin hautsi» eta etorkizun justuago bat irudikatzen ausartzeko

«Etorkizuna eraldatzeko aukerak lauso ikustea» ulergarria dela dio Edurne Benito del Vallek, baina uste dute abstentzioa ez dela bidea: «Abstentzioak ezkutatu egiten du jokoan dagoela edo garaipen kolektibo gehiago izatea edo eskubideak galtzea».

Arnaldo Otegi eta Miren Zabaleta apirilean izandako Gazte Topagunean hitzaldi bat ematen, Abadiñon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
Arnaldo Otegi eta Miren Zabaleta apirilean izandako Gazte Topagunean hitzaldi bat ematen, Abadiñon. MARISOL RAMIREZ / FOKU
kristina martin
2026ko azaroaren 26a
08:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk lehen aldiz botoa emango duten gazteei bozkatzera joateko deia egin die. Koalizio subiranistako Gazte idazkari Edurne Benito del Vallek 2008. urtearen inguruan jaio zirenei erreparatu die bereziki, gazteei zuzendutako gutun batean. Ohartarazi duenez, «egonkortasun ekonomikoa eta norberaren bizi proiektua eraikitzeko neoliberalismoaren promesak» bete ez direla eta, ulergarria da gazte askoren «etsipena». Nolanahi ere, adierazi du konfiantza dutela euskal gazteriak igandean erantzungo duela. Hori dela eta, gazteei dei egin die kalean mobilizatu eta azaroaren 29an bozkatzera joateko.

Koalizio subiranistak berretsi du egoera latza dela gazteentzat. Benito del Vallek gogorarazi duenez, igandean lehen aldiz botoa eman dezaketen gazteak «higiezinen burbuilak eztanda egin zuen garaian» jaioak dira. «Mende amaieran jaiotako gazteak mundu neoliberalen ertzean geratu baziren, Z eta Alfa belaunaldiei promesa horren krisiaren hondarrak baino ez zaizkie iritsi».

«Kalea eta botoa»

Gutunean erantsi duenez, testuinguru horretan ulergarria da gazteek «etorkizuna eraldatzeko aukerak lauso ikustea». Apatia horretaz baliatuta, «batzuek otzan, triste eta apatiko» nahi dituzte gazteak, eta sektore horien nahia da «gazteak ez antolatzea eta eszenatoki berriak ez imajinatzea». Hori hala izanik ere, EH Bilduk uste du euskal gazteriak asmatuko duela jarrera aktibo bat hartzen, «beti jakin izan duelako garaiotara egokitzen, garai historiko bakoitzeko izpiritua irakurtzen eta belaunaldi bakoitzaren borrokak beroriekin bat egiten». Hori dela eta, «politikaren oinarriak mugiarazteko» deia egin dute, eta horretarako ezinbesteko irizten diote «azaroaren 29ko partida jokatzeari»: «Mobilizazioa eta politika publikoak, protestak eta neurriak. Kalea eta botoa».

Abstentziorako asmoak bazterteko deia egin dute, haien ustez horrek ez duelako balio egoera hobetzeko: «Abstentziora jotzeak ezkutatu egiten du gure amaren etxearen existentzia bera ezbaian egon daitekeela, jokoan dagoela edo garaipen kolektibo gehiago izatea edo eskubideak galtzea, borroka hau pertsona askorentzat hil ala biziko kontua dela, bai eta gazteok posible dugula nostalgiaren eta malenkoniaren kateak hautsi eta esperantzaren aro berri bat zabaltzea ere».

Kazetaritza etikoaren arabera sortua

Nola bermatzen dugun edukien kalitatea

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA