ELA eta LAB sindikatuen gehiengoarekin lerrokaturik, EH Bilduk gutxieneko soldata propio bat ezartzea proposatu du, gaur, Oskar Matute Bizkaiko zerrendaburuak Bilboko MercaBilbaon egindako agerraldi batean; «Euskal Herriko bizitzaren salneurrei egokiturik» beharko luke gutxieneko soldata hori, «lansari duinak bermatzeko eta euskal familien ekonomia arintzeko».
«Dena igotzen ari da, langileen soldata izan ezik», esan du Matutek, inflazioa jadanik %5etik hurbil dagoela ezagutu den egunean. Horregatik, «balantza berriro langileen eta familien alde orekatzeko» eskatu du, soldatak eta lan baldintzak hobetuz. Halaber, agindu du EH Bilduk lan egingo duela energia eta elikagaien sektoreko enpresa handiek «kostuen igoera beren gain» har dezaten. «Modu horretan lortuko dugu gehiegizko prezio horiek kontsumitzaileek ez ordaintzea».
Idurre Bideguren Senaturako Bizkaiko zerrendaburua izan du alboan diputatugaiak. «Herritarrek gero eta prezio garestiagoak ordaintzen dituzte erosketaren saskian, argiaren eta gasaren fakturan edota erregaietan», azaldu du Bidegurenek. Prezioen gorakada horrek familia askotan eragin handia duela erantsi du. Euskal Herria Bildun egoera horren jakitun direla esan du jarraian, eta «anbizioz eta erantzukizunez» arazo hori bideratzeko «lan egiteko konpromisoa» adierazi du: «Gutxieneko soldata propioa ezartzeko konpromisoa hartzen dugu, euskal herritarron egoera sozioekonomikora egokiturik, guztiontzako bizitza duina ziurtatu dadin».
Nafarroan ere, gutxieneko soldata ezartzeko eskaera egin du Eneka Maiz Nafarroako zerrendaburuak, Iruñeko Santo Domingo merkatuaren kanpoaldean, eta berretsi du koalizioaren asmoa dela energiaren eta banaketaren alorreko enpresa handiek beren gain hartu behar izatea bizitzaren kostuaren igoera.