Abuztuaren 27tik 29ra bitartean, EH Bilduko kideak Hego Euskal Herriko hiriburuetako eta herrialdeetako hautagaitzen «fiskalizazioa eta jarraipena» egiteaz arduratuko diren batzordeen osaera bozkatu ahal izango dute. Hauteskunde batzordeak osatzeko lanetan ariko dira, beraz, udal eta foru hauteskundeei eta Nafarroako Parlamenturako hauteskundeei begira, 2027ko maiatzean.
Honako hauek osatuko dituzte hauteskunde batzordeak: EH Bildu osatzen duten eta dagokion hautesbarrutian edo hauteskunde eremuan antolatuta dauden alderdi politiko bakoitzeko ordezkari bat, alderdiak bi edo gehiago direnean; dagokion batzarrak aukeratutako beste horrenbeste bilkide; eta zerrendaburua, behin hautatua izan eta gero.
Hala, datozen asteetan EH Bilduren hautagaitza proposamenak jaso, aztertu, bozketarako proposatu eta iragartzeko ardura izango dute, Nafarroako Lehendakaritzarako, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Foru Aldundietarako eta Gasteiz, Bilbo, Donostia eta Iruñeko alkatetzetarako.Â
Parte hartzeko deia
Koalizio abertzaleak azaldu duenez, hauteskunde batzordeen egitekoetako bat hau izango da: «hautagaitza proposamenak aztertzea, kontuan hartuta zenbateraino diren egokiak hauteskunde erronkei aurre egiteko», eta, era berean, «ikuspegi politiko eta lurralde ikuspegitik talde orekatuak, pluralak eta gaitasun handikoak» osatzea. Zerrenden proposamen osoa egin beharko dute, halaber, eta ondoren proposamena berretsi. Azkenik, koalizioaren estatutuetan eta erregelamenduan ezarritako «egokitasun, aniztasun, lurralde-oreka eta parekidetasun irizpideak» betetzen direla bermatu beharko dute.
Horiek horrela, EH Bilduk dei egiten die bere oinarriei barne prozesu horretan parte har dezaten, «erronkari dagokion adinako anbizioz».