EH Bilduk herri ekinbide bat sustatuko du Europak bertan behera utz dezan Israelekin duen akordioa

Europako Batasuneko beste zortzi indar politikorekin batera bultzatuko du ekinbidea. Horren aldeko sinadurak biltzeari ekingo diote datozen asteetan.

EH Bilduko hautetsiak, Palestinaren aldeko agerraldi batean, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
EH Bilduko hautetsiak, Palestinaren aldeko agerraldi batean, Bilbon. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
gotzon hermosilla
2026ko urtarrilaren 13a
15:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk eta Europako Ezkerraren Aliantza osatzen duten beste zortzi indar politikok herri ekinbide bat sustatuko dute, Europako Batasunari eskatzeko bertan behera utz dezala Israelekin duen merkataritza akordioa. Europako Batasun osoan herritarren milioi bat sinadura biltzea da asmoa, eta Euskal Herrian ere ekinbidearen aldeko sinadurak biltzeari ekingo dio EH Bilduk datozen asteetan.

Bruselan aurkeztu dute ekinbidea, eta han izan da EH Bilduko Nazioarteko Harreman eta Politika arduradun Igor Zulaika, ekinbidea sustatzen duten beste zenbait indar politikoren ordezkariekin batera. Zulaikak «goraldian dagoen olatu autoritarioaren ondoriotzat» jo du Israel Gazan egiten ari den sarraskia, bai eta, hori ikusirik, nazioarteko komunitateak ezer egin ez izana ere: «Europako Batasunak huts egin du».

Ameriketako Estatu Batuek Venezuelan egindako erasoa ere hizpide hartu du Zulaikak. Esan duenez, «nazioarteko ordenaren kolapsoa» azaleratu du erasoak: «Argi geratu da okerra dela AEBren atzetik ibiltzea, eta hori ezin dugula onartu». Zulaikaren ustez, «gerraren eta etsipenaren ordez» badago alternatiba, eta hori «herrien burujabetzan eta indar politikoen arteko lankidetzan» oinarritzen da.

Herritarren aktibazioa

Herri ekinbidearen ezaugarriak goraipatu ditu Zulaikak: «Instituzioen ekimenik ezaren aurrean, herritarren aktibazioak duen garrantziaren adibide da». Horregatik, dei egin die euskal herritarrei ekinbidearekin bat egitera, «Europako Batasunak genozidioaren konplize izateari utzi eta Israelekin duen akordioa bertan behera utz dezan».

Datozen asteetan, herri ekinbidearen aldeko sinadurak bilduko dituzte Europako Batasunaren herritarren artean; milioi bat sinadura batzea da asmoa. Euskal Herrian ere ekingo diote horri, eta, Zulaikak iragarri duenez, EH Bilduko kideak «sinadura bilketaren ekintzaile» izango dira hark iraun bitartean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.