EH Bilduk hizkuntza politika berri baterako oinarriak finkatu ditu: euskara «hizkuntza nazionala» izatea du xede

EH Bilduko militanteek hizkuntza politika berri baten oinarriak ezartzen dituen dokumentua onetsi dute botoen %97rekin. Jaso dute besteak beste, euskarak estatus juridiko berria behar duela.

Josu Aztiria Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO / FOKU
Josu Aztiria Eusko Legebiltzarreko osoko bilkura batean, artxiboko irudian. RAUL BOGAJO / FOKU
Irati Urdalleta Lete.
2026ko apirilaren 27a
13:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk hizkuntza politika berriaren oinarriak jartzeko barne prozesua egin du. Gaur aurkeztu dute emaitza, Indarberritze aro berri bat irekitzeko hizkuntza politika berria txostena —militantziak onetsi du asteburuan, botoen %97rekin—. Nerea Kortajarena EH Bilduren programa idazkariak eta Josu Aztiria euskara normalkuntzarako idazkariak eman dute haren berri, telematikoki. Euskara Euskal Herriko «hizkuntza nazionala» izatea dute xede, eta, horretarako, estatu juridiko berria izatea proposatu dute, besteak beste. Hilabeteetako prozesua izan da, militanteekin nahiz arloan adituekin egindakoa, eta 85 ekarpen jaso dituzte behin betiko dokumentuan.

Euskaratik eta euskaraz ardaztuko den Euskal Herri eleaniztuna. Aztiria: «Oso modu esplizituan esaten dugu euskara dela euskal herritar guztion hizkuntza». Ortzi muga horixe izango da koalizio abertzalearentzat, eta, horretarako, hizkuntza politikak eraldatzea nahi dute. «Jauzi kualitatibo bat eman beharra dago euskal herritarrak euskaraz eroso bizi daitezen» nabarmendu du Aztiriak.

«Jauzi kualitatibo bat eman beharra dago euskal herritarrak euskaraz eroso bizi daitezen»

JOSU AZTIRIA EH Bilduko euskara normalkuntzarako idazkaria

Diagnostikoarekin hasi dira txostenean. Aztiriak azaldu duenez, orain arte idea bat zen nagusi: euskararen ezagutza handia zela, eta erabilera baxuagoa izatean arrazoia kontzientzia falta zela; alta, azken ikerketek kontrakoa erakutsi dute: erabilera handia dagoela dagoen ezagutza mailarako eta euskaraz egiteko dauden aukeretarako. EH Bilduk horretan eragin nahi du. Gainera, besteak beste, aipatu du arkitektura juridikoa «zaharkituta» dagoela: «Euskara hizkuntza nazionala baldin bada, garapen juridiko osoa planteatu behar dugu. Norbanakoen euskalduntzean oinarritutako paradigmatik euskara ardatz izango den eredu batera pasatzen ari gara».

Bost herri erronka

Bost herri erronka zehaztu dituzte dokumentuan. Bat: euskararen ezagutzaren unibertsalizazioan aurrera egitea eta hizkuntza gaitasuna handitzea. «Horrek emango du aukera herritar gehiagorekin euskaraz hitz egiteko», adierazi du Aztiriak. Horretarako, zenbait eremutan indarra egin asmo dute: planteamendu legegile bat ontzea, euskara ikasteko eskubide subjektiboa aitortzeko eta euskaraz ikasteko «denbora nahikoa» emateko»; D ereduan «eraldaketa bat» egitea, haurrak euskalduntzeko «mugak» dituelako; atzerritik datozenei hizkuntzaren ikuspegitik ere harrera egitea; eta helduen euskalduntzerako «finantzaketa eredu iraunkorra» bultzatzea eta euskara ikastea doakoa izatea. 

Bi: euskararentzat plaza berriak sortzea eta hiztunak trinkotzea; hots, euskara hizkuntza nagusia izango den eremu soziofuntzionalak, komunitarioak eta lurguneak sortzea. Bi apustu nagusi dituzte: 0-16 adin tarteko aisialdi antolatuan euskara nagusi izatea eta administrazioan euskara ohiko lan eta zerbitzu hizkuntza izatea. Gero, arnasguneentzako «berariazko lurralde estrategia» bat nahi dute, integrala, zeharkakoa eta juridikoa, UEMArekin elkarlana handituta eta sakonduta.

Hiru: «hizkuntza azpiegitura berria» eraikitzea. Zenbait ildo estrategiko jaso dituzte: euskal sortzaileen lan baldintzak egonkortzea, euskararen eta euskal kulturaren hedapena izatea EITBren ardatza; eta ikus-entzunezkoetan gero eta eduki gehiago eskaintzea euskaraz.

Lau: motibazioa, atxikimendua eta euskararen aldeko kontzientzia indartzea.

Eta bost: euskara «hizkuntza nazionala» izan dadin, estatus juridiko berria ontzea: EAEko Euskara Legea aldatzea, Nafarroan zonifikazioa amaitzea; eta hizkuntza eskakizunen sistemari eta administrazioaren hizkuntza politikari segurtasun juridikoa emateko lege aldaketak, besteak beste.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA