«Ziurgabetasun eta arduragabekeria garaiotan, segurtasuna, konfiantza eta itxaropena» eskaintzen ditu EH Bilduk. Koalizio subiranistak mezu hori helarazi du Aberri Egunean. Azken urteetan bezala, milaka lagun elkartu ditu Iruñean; aurten, Zazpiak bat egin lemapean. Manifestazioa egin dute lehendabizi, eta ekitaldi politikoa gero. «Independentzia!» oihuen artean, ikurrinak eta Nafarroako banderak izan dira nagusi, baina erakutsi dituzte Kataluniako, Galiziako, Kubako eta Palestinako banderak ere, besteak beste.
Taconera parkeko ekitaldi politikoan, Arnaldo Otegi EH Bilduko idazkari nagusiak hartu du hitza. Azpimarratu du Euskal Herria dela alderdiaren esparru nazionala, «hau da, eszenatoki justuago eta bidezkoago bat eraikitzeko baldintzak ezarri behar diren eremua». Beharrezkotzat jo du «politika ekonomiko eta sozialak erdigunean jartzea» eta oinarrizko eskubideak bermatzea, hala nola hezkuntza, osasuna eta etxebizitza, baita «aberastasunaren sorrera eta banaketa bidezkoa» bultzatzea ere.
«Autoritarismoaren gorakadari aurre egiteko, fronte zabalak osatu eta indarrak batu behar ditugu gutxieneko programen gainean»
ARNALDO OTEGI EH Bilduko idazkari nagusia
Otegiren iritziz, geroz eta gehiago dira EH Bilduren printzipioekin eta balioekin bat egiten duten herritarrak, «izan ere, Euskal Herria, gaur egun, feminista, sozialista, abertzalea, subiranista eta aurrerakoia da».
Euskal Herriko herrialdeen estatus politikoak hizpide hartuta, Otegik «lasaitasunaren eta epe luzerako ikuspegi estrategiko baten» alde egin du, eta gogora ekarri Euskal Herria aspalditik ari dela burujabetza berreskuratzeko borrokan: «Urrutitik gatoz, poliki goaz, eta urrutira begiratzen dugu, Euskal Errepublikara».

Nola ez, hizpide izan ditu gerra eta autoritarismoa ere, eta geldiarazi egin behar direla esan. Aurten, horiek izan dira EH Bilduren Aberri Eguneko ardatz nagusiak. «Arauak eta herrien subiranotasuna eta autodeterminazioa» barne hartzen dituen «ordena multipolarra» defendatu du Otegik, «munduan inposatzen ari den desordena inperialista eta neoliberalaren» aurka egiteko bide gisa. «Autoritarismoaren gorakadari» aurre egiteko, haren iritziz, fronte zabalak osatu eta gutxieneko programen gainean indarrak batu behar dira. Etsaiz ez nahasteko beharra azpimarratu du, eta herri akordioak egitera deitu.
Nazioarteko ordezkaritza
Manifestazioan, lehen lerroan izan dira Milagros Acea Alfonso kubatarra eta Fouad Baker palestinarra, Picassoren Gernika margolaneko txori baten irudiarekin. Atzetik izan dute Autoritarismoaren aurrean, Euskal Errepublika zioen pankarta, eta, hari eusten, EH Bilduko buruak: Otegi bera, Miren Zabaleta Nafarroako koordinatzailea, Joseba Asiron Iruñeko alkatea eta Pello Otxandiano Eusko Legebiltzarreko bozeramailea, besteak beste.
Iruñean izan dira ERC, Compromis, BNG, CUP, Mes Per Mallorca, Mes Per Menorca, Comunistes de Catalunya, Catalunya en Comu, Adelante Andalucia eta Mas Madrid mugimendu politikoetako ordezkariak ere. Jaia ez da amaitu goizeko ekitaldien ondoren: kultur ekitaldiak eta kontzertuak antolatu dituzte bertaratutakoentzat.