Nafarroako Gobernuaren eta EH Bilduren arteko akordioaren bidez, desblokeatu egin dute osasunaren foru legearen proiektuaren tramitazioa. Osasunbidearen eta NOPLOI Nafarroako Osasun Publikoko eta Lan Osasuneko Institutuaren izaera juridikoa aldatzea eta biak batuta sozietate publiko bakarra sortzea zen PSNko Maria Txibite buru duen gobernuaren asmoa; eta horrek ezinegona eragin zuen sindikatuen artean, «etorkizuneko langile publikoen estatusa ere aldatu» egingo zelakoan. EH Bilduk jakinarazi duenez, erakunde autonomoak izaten jarraitzea adostu dute Nafarroako Gobernuarekin.
Txomin Gonzalez EH Bilduko parlamentariak azaldu duenez, Nafarroako Gobernuak aurkeztutako aurreproiektuaren zirriborroa aztertu ostean ondorioztatu zuen EH Bilduk «aldatu eta hobetu beharreko gai garrantzitsuak» zeudela. Horiek horrela, hainbat proposamen egin zituen koalizio subiranistak, proiektuaren tramitazioa desblokeatzeko.
Osasunbideari eta NOPLOIri izaera juridikoa aldatzeko asmoa zen oztopo nagusia, Nafarroako Gobernuak enpresa publiko bakarra egin nahi baitzuen, horiek erakunde autonomo izaten jarraitu ordez. Txibiteren gobernuaren esanetan, bi erakunde horien «eraginkortasuna hobetzeko helburuari» eutsi nahi zioten horrela.
Urrats hori eginda, gobernuak foru erkidegoko osasun sistemaren etorkizunerako funtsezkoa den arau bat tramitatzeari ekin ahal izango dio berriro
Gobernuaren helburua zen izaera juridikoaren aldaketaren bidez «autonomiarik handiena» ematea Osasunbideari eta NOPLOIri. Antolamenduari begira, «malgutasun handiagoa» lortu nahi zuten, tresnak eta giza baliabideak «hobeto kudeatzeko»: hala nola kontratazioak eta egindako lana aztertzeko, materialen eta azpiegituren lizitazioaren gestiorako, plantillak definitzeko...
Sindikatuen iritziz, baina, neurri horrek guztiz alderantzizkoa ekarriko zuen. Uste zuten pribatizazioari eta erakunde horietako langileen prekarizazioari ateak irekitzen zizkiola. Hain zuzen, hori izan zen 2025eko apirilaren 9ko greba antolatzeko arrazoietako bat.
Eremu bakarra
Gaur egun, hiru eremuk osatzen dute Nafarroako osasun egitura: Iruñeak, Lizarrak eta Tuterak. Horiek batu eta eremu bakarra osatzea da lege proiektu berriaren beste helburuetako bat. Horiek horrela, EH Bilduk eta Nafarroako Gobernuak adostu dute ordezkaritza sindikalarekin negoziatuko dituztela eremu bakar hori sortzeak langileei ekar diezazkiekeen mugikortasun aldaketak —ekonomikoak barne—, bereziki medikuntzako langileei.
Hitzarmen bereziak kontrolatzeko mekanismoak ere ezarriko dira, Nafarroako Parlamentuari aldez aurretik jakinarazteko betebeharra, zehazki. Hitzarmen bereziak irabazi asmorik gabeko erakundeekin osasun prestazio jakin batzuk hitzartzeko tresna dira. «Beraz, uste dugu legebiltzarrak horien gaineko kontrola izan behar duela», adierazi du Gonzalezek.
Urrats hori eginda, gobernuak foru erkidegoko osasun sistemaren etorkizunerako funtsezkoa den arau bat tramitatzeari ekin ahal izango dio berriro; osasun publikoaren kudeaketari, antolaketari eta baliabideei buruzko eztabaidak markatutako testuinguru batean.