Parte hartzea handia izan dadin, ahaleginak egiten ari dira ezkerreko indarrak, eta gaur auzi horretan azpimarra berezia egin du EH Bilduk. Korreo bidezko botoa emateko bi egun geratzen direnean, Miren Zabaleta koalizioaren Nafarroako arduradun politikoak eta Mikel Otero Espainiako Kongresurako Arabako zerrendaburuak ekitaldi bana egin dute; Iruñean eta Gasteizen, hurrenez hurren. Herritarrek botoa eman dezatela eskatu dute, baita posta bidez ere, horretarako eskaerak aurkezteko bi egun besterik geratzen ez direnean. Oteroren hitzetan, beharrezkoa da «faxismoaren kontra horma bat altxatu eta historia egiteko».
Oterok Correosek Arabako hiriburuan duen egoitza nagusiaren aurrean hitz egin du, eta «boto bakoitzaren» garrantziaz ohartarazi. «Dei egiten diegu botoa eman dezaten; gazteei, emakumeei, familiei, beren eskubideak defendatu eta zabaldu nahi dituzten langile guztiei», esan du. Haren hitzetan, azaroaren 29ko bozetan badago aukera Kongresuan eta Senatuan «gehiengo plurinazional eta ezkertiar berri bat» ezartzeko. Eta horretarako, boto horiek EH Bilduren alde nahi ditu: «Ez baitira damutuko. Ez diegulako hutsik egingo».
Hain zuzen, Oterok esan du «bloke erreakzionarioa» gelditu, eskubide eta askatasunetan aurrera egin, eta Euskal Herria defendatu nahi duen orok EH Bilduren aldeko botoa eman beharko lukeela. «Euskal herritarren interesak hobekien defendatuko dituen zero kilometroko ezkerra garelako», argudiatu du, eta gehitu eurak direla «atzerakoien aurrean euste horma izateko gaitasuna» erakutsi duen alderdia.
Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak ere antzeko deia egin du asteon. Parte hartzea %75ekoa izatea babestu zuen, «gobernu aurrerakoi bat errepikatzeko». Ezkerreko indarrek argi dute parte hartzea zenbat eta altuagoa izan, haiek izan daitezkeela onuradunak.