EH Bilduk proposatu du Loiuko aireportuari Agirre Lehendakaria Aireportua izena jartzea

Jose Antonio Agirreri «aitortza egin» eta hura «gorestearen» alde agertu da Pello Otxandiano.

Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
Pello Otxandiano, Eusko Legebiltzarrean. ARITZ LOIOLA / FOKU
xabier martin
2026ko ekainaren 26a
10:31
Entzun 00:00:00 00:00:00

EH Bilduk uste du Loiuko aireportuak Agirre Lehendakaria Aireportua izena hartu beharko lukeela. Hala izendatzea proposatu du koalizio subiranistaren Eusko Legebiltzarreko eledun Pello Otxandianok gaur Eusko Legebiltzarrean eginiko kontrol saioan. Jose Antonio Agirreri «aitortza egin» eta hura «gorestearen» alde agertu da Otxandiano, «Euskadiko lehen lehendakari gisa eta euskal autogobernuaren, askatasun demokratikoen, batasun instituzionalaren eta herri duintasunaren erreferente historiko gisa».

EH Bilduko eledunak ohartarazi du «garai ilunak gero eta gertuago» sumatzen dituela jende askok, eta «elkarlana erdigunean» jartzeko garaia dela, «Agirre lehendakariak egin zuen bezala». Hori horrela, Loiuko aireportuaren izendapen ofizialean Agirre lehendakariaren izena txertatzea proposatu du, «haren memoria eta ordezkatzen dituen balio demokratiko, instituzional eta nazionalak aitortzeko».

Otxandianoren arabera, Agirreren ondare politikoa «erreferentzia saihetsezina da garai historiko honetan». Ez da lehen aldia EH Bilduk Agirreren eredua bere egiten duena, eta, gaur ere, goretsi egin du 36ko gerra betean lehenengo Eusko Jaurlaritzaren burua izandakoa. «Euskal politikaren oinarriak hark gidatu behar ditu etorkizunean», esan du Otxandianok; «gaur, proposamen hau iragarri nahi dugu, legebiltzar honetan eztabaidatzeko».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA