EH Bilduk lege proposamen bat egin du etxe turistikoen legez kanpoko jarduerari muga jartzeko asmoz; datorren asteartean eztabaidatuko dute, hilaren 7an, Espainiako Diputatuen Kongresuan. «Lizentziarik gabeko etxe turistikoak Interneteko plataformetan iragartzea debekatzea da helburua», esan du Oskar Matutek. EH Bilduk Espainiako Kongresuan duen ordezkariaren esanetan, «onartezina da erakundeek legez kanpoko jardueren atzetik ibili behar izatea beti». Prebentzioa da gakoa, Matuteren esanetan, eta, horretarako, «etxe horien publizitatea eta kontratazioa debekatzea» da modurik eraginkorrena.
EH Bilduk ohar batean adierazi duenez, alokairu turistikoaren sektoreko ostatu askok ez dute lizentziarik, eta, hala ere, plataformetan azaltzen dira, legeari izkin eginda. Askotan, udalek eta autonomia erkidegoek ez dituzte iragarki horiek kontrolatzen, «baliabide faltagatik kasu batzuetan, eta esku hartzeko borondate falta nabarmenagatik beste batzuetan». EH Bilduren iritziz, «permisibitate horrek modua eman dio etxe turistikoen legez kanpoko merkatuari kontrolik gabe hazteko».
Egoera hori «modu eraginkorrean eta behin betiko» konpontzea, horixe da koalizio subiranistak gaur aurkeztu duen lege proposamenaren xedea. Horretarako, enpresen eta plataformen gain ere jarri nahi dute legez kanpoko ostatuen ugaritzea ekiditeko ardura.
Iragarkiak ez argitaratzeko betebeharra
Proposamen hori onartzen badute, autonomia erkidegoek eta udalek etxe turistikoei eta haien errentatzaileei buruzko araudiak eta baldintzak ezartzen jarraituko dute, baina «plataforma digitalen ardura izango da egiaztatzea plataformetan iragarritako ostatuek badutela legeak agindutako erregistroa edo lizentzia», dagokion autonomia erkidegoko edo udaleko araudia kontuan izanda.
Horrela, legez kanpoko iragarkiak kentzea ez da plataformen borondatearen mende egongo: iragarkiak ez argitaratzeko betebeharra izango dute hasieratik.